Alemanen hizkuntza gogaikarria (I)

Pixka bat ikasiaz, gizadia sendi.

Atsotitzak xxxii, 7.— 

Mark Twain1Sarritan joan ohi nintzen Heidelberg gazteluko bitxikeria-bilduma begiratzera, eta egun batean hango zaindaria txunditu nuen nire alemanarekin. Izan ere, bete-betean hitz egin nezake hizkuntza hartan. Interes handia piztu zitzaion, eta tarte batez hizketan aritu ondoren, jakinarazi zidan nire alemana oso bitxia zela, paregabea ere bai ziur aski eta bildumara gehitu nahi zuela.

Jakin izan balu gizagaixo hark zenbat kostatu zitzaidan niri arte hura neureganatzea, jakingo zuen, halaber, edozein bildumazaleren patrikak larrutuko zituela hura erosteko saiakerak. Garai hartan, Harris eta biok hainbat astez ibiliak ginen jo eta ke alemanarekin lanean, eta aurrerapen txukuna egin bagenuen ere, zailtasun eta narritadura handiz lortutakoa zen, bitarte hartan hiru irakasle hil baitzitzaizkigun. Alemana ikasi ez duen inortxok ezin lezake pentsa zein asaldagarria den hizkuntza hau.

Ez da ziurrenik beste hizkuntzarik hain narratsa eta gorabeheratsua denik, eta hain labaingarria eta endredagarria ikasteko. Zurrunbilo batean bezala, hala astintzen du ikasle errukarria, gora eta behera, harantz eta honantz. Eta norberak uste duenean azkenean barneratu duela arau bat, solasaren hamar atalek sortutako zurruburru eta nahaste-borrastean atsedena eskainiko diona, orduan orrialdea pasatu eta zera irakurriko du: “Gogoan izan ditzala ikasleak salbuespen hauek”. Orrialdean behera irakurri ahala, ikusiko du arau horrek gehiago dituela salbuespenak adibideak baino. Eta gogotsu ekingo dio, berriz ere, beste Ararat baten konkistari… eta aurkituko du beste linga faltsu bat. Hori izan da behintzat nire esperientzia, eta hala jarraitzen du izaten. Sinistuta nagoenean alemanaren lau gramatika-kasu bihurri horietako baten jaun eta jabe egin naizela, itxuraz kaltegabea den preposizio xixtrin bat sartzen zait isil-isilik perpaus erdira eta hankapeko lurra astintzen dit. Alemanez botere gogaikarria eta susmaezina aitortzen zaie preposizioei. Esate baterako, nire testuliburuak txori jakin bati buruz galdetzen du (beti dabil inori piperrik ere axola ez zaizkion gauzei buruz galdezka): “Non da txoria?”. Beno, galdera horren erantzuna (liburuaren arabera) hauxe da: “txoria errementariarenean dago, euritik babesteko”. Jakina, ez da txoririk hori egingo lukeenik, baina tira, liburuari kasu egin behar. Beraz, oso ondo, hasten naiz erantzuna emateko behar bezainbeste aleman deszifratu nahian. Nahi eta nahi ez, bukaeratik hasiko naiz, halakoa baita alemaniar “sena”. Hasten naiz buruari eragiten: Regen (euria) maskulinoa da —edo beharbada femeninoa— edo ziurrenik neutroa —lan gehiegi da hori orain begiratzen hastea—. Beraz, der Regen (euriA) edo die Regen (euriA) edo das Regen (euriA) izango da, hiztegian begiratzean zer genero azaltzen den. Zientziaren mesedegarri, maskulinoa delako hipotesiaren gain arituko naiz. Primeran, hortaz, der Regen euriA da, kasu nominatiboan, baldin eta soilik halako aipu izaera xumea badu, bestelako handinahirik edo eztabaida beharrik gabea; baina euria etzanda baldin badago, zoruan zehar barreiatuta, orduan pausatuta dago, zerbait egiten —hau da, atseden hartzen (alemanaren gramatikan, atseden hartzea zerbait egiten aritzea da)—. Eta horrek euria kasu datibora bidaltzen dit, eta dem Regen bihurtzen du. Hala eta guztiz ere, euri hori ez daukagu lasai ederrean atseden hartzen, ez horixe, baizik eta aktiboki zerbait egiten —hots, botatzen ari du (ziurrenik txoriari traba egiteko besterik ez da hori, baina tira) eta, beraz, horrek mugimendua iradokitzen du, eta mugimenduak euria kasu akusatibora aldatzeko gaitasuna du, eta dem Regen hori den Regen bihurtzekoa. Gaiari buruzko horoskopo gramatikal guztia goitik behera osatu ondoren, konfiantza osoz erantzun dezaket, azkenean, txoria errementariarenean dagoela wegen den Regen (euria dela eta). Irakasleak leunki gogogabetzen nau orduan, esanez wegen perpaus batera sartzen denean, kasu genitibora aldatzen digula beti subjektua, datorrena datorrela ere —eta, hortaz, txori hori errementariarenean geratu zela wegen des Regens—.

Oh: Aditu batek jakinarazi zidan, geroago, badela “salbuespen” bat,  posible egiten duena wegen den Regen esatea zirkunstantzia konplexu eta bakan batzuetan, baina salbuespen horrek euriari besterik ez diola eragiten.

GERO BERETIK…

Egilea: Mark Twain

Itzulpena: Zuriñe Barrere / zurinye.blogspot.com.es / @zuriyebc

Itzulpenaren zuzenketa: Patxi petrirena

Anuncios

Una respuesta a “Alemanen hizkuntza gogaikarria (I)

  1. Pingback: Alemanen hizkuntza gogaikarria (III) | barretartia·

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s