Umore-sena

laughing bugUmore-senik ez izatea gabezi larria da. Ekarri gaituzten malkoen haranetik irteteko iparrorratzik gabe egotearen antzekoa da umore-senik ez izatea. Umore-sena zazpigarren zentzumena izan zitekeen, zentzumen sentituena, alegia. Mundura negar egiteko ekarri gintuztela esan zigutenean, batzuk negar egin zuten, bai, baina beste batzuk barre egiteari lotu gintzaizkion. Horrela gabiltza orduz geroztik, batzuk negar zotinka eta beste batzuk barre algaraka, zer egingo diogu. Ez dugu elkar ulertzen. Negar egiten duenak nahi du  aldamenekoek negar egin dezaten, elkarrekin negar egitea kontsolagarria omen da. Negartien artean barre egitea ez dago ondo ikusita. Barre egitea errespetu falta jotzen da negar egiten dutenen aurrean. Zergatik?

Jainkoak ez du barre egiten. Inork ikusi al du Jaungoikoak barrezka? Errazagoa da imajinatzea Jainkoak negar egiten munduko bekatuengatik, eta ez barre egiten Erregeak hartzen dituen muturrekoak ikusteagatik. Negarra, adiskideok, ezintasunaren adierazpena da, negarraren sorburuan beti daude desgrazi handiak, arrazoi sakonak eta ezin uler daitezkeen gertaerak. Horregatik egiten dugu negar. Barrearen eragileak, ordea, gauza txikiak izaten dira, arinak eta erabat ulergarriak. Horregatik, agian, ulertzen ez duenak ez du barre egiten, ulermen laburrekoak, barre motzekoak nonbait.

Guk gura edo nahi ez, gutako bakoitzak darama soinean bere karikatura, gu geu gara gure bizitzaren komikietako pertsonaiak. Diotenez, barrea osasun iturria da, birikak zabaltzen ditu eta ez dakit zenbat gihar mugiarazten ditu, aurpegian, bizkarrean eta sabelean. Izan daiteke. Baina gehiegi barre egiteak, ondoren, ajeak ekartzen ditu. Barre egitea, esateko moduan, arrisku-kirolaren antzeko zerbait da gure gizarte azeleratu honetan. Arrisku-kirola eta, gainera, talde-kirola. Ez zara konturatu bakarrik barre egiten duena zorotzat hartzen dugula? Ez dago ondo ikusita bakarrik gaudenean barre egitea, jendeak pentsatzen du teila bat falta duela, edo laguna falta duela, barre-kidea, alegia. Kidea, bai, barreak kideak behar ditu, kidetasuna behar du, gogokidetasuna edo konplizitatea. Horrelako zerbait. Are gehiago, konplizitatea da umorearen aldez aurreko baldintza, sine qua non adituen hitzetan. Ez zara ohartu ezezagunen artean ez dela barrerik sortzen? Barrea bakarrik sortzen da konfiantza-giroan. Konfiantzarik ez badago seriotasuna nagusitzen da eta, horrelakoetan, barre egitea eraso antzeko zerbait har daiteke. Aholku bat: ez egin barre guarda zibilen aurrean, ez lukete ulertuko. Autoritatearen aurrean barre egitea zerbait asimetrikoa baita, autoritateak barre egin diezazuke aurpegira, ohikoa da, aitzitik autoritateari barre egitea, falta larria da, agintarienganako errespetu-eza.

Egoera berberean Urliak barre egiten du, Sandiak amorrua adierazten du eta Berendiak oinazea sentitzen du. Amorrua eta oinazea egoera berberean agertzea uler daiteke, bateragarriak izan daitezke, barrea, ostera, ez, barre egitea ez dator bat amorruarekin eta oinazearekin. Oinazea eta amorrua igarota, handik denbora batera, egoera harekin barre egin genezake, agian. Esaten da, barrez negar egin daitekeela baina, oro har, barrea eta negarra bateraezinak dira. Halere, apur bat pentsatuta, batu elkarren antza. Barreak, negarraren antzera, mukiak eta malkoak sorrarazten dizkigu. Baina muki eta malko horiek gustu desberdinekoak dira: barrearen mukiak arinagoak dira, urtsuagoak eta gezagoak, negarraren mukiak, berriz, garratzagoak dira, trinkoagoak eta gaziagoak. Barre egitea, hiztegiak esaten duen eran, poz bizia eta bat-batekoa adierazten duen aurpegiko muskuluen mugimendu berezia fa, gehienetan hasperen zaratatsuekin batera egiten dena. Barrez lehertu, ito.

Horrela da, irakurle maiteok, umorez idaztea konplizeak bilatzea da, idazten duenaren asmoekin, agerikoekin eta ezkutuenekin, bat datozkeen irakurleak aurkitzea. Ez da bat ere eginkizun errazik, oso zaila dela esango nuke. Ustezko umoreak idazlean nahiaren kontrako emaitzak ekar ditzake, txarto idatzitako umoreak irakurlea  iraindu eta mindu daiteke, idazleak nahi ez badu ere. Ez da erraza. Alabaina, irakurleak badu eduki bere erantzukizuna. Umore-senik ez duenak hobe du umorezko irakurgaietatik aparte ibiltzea, irakurritakoarekin ernegu eta haserre ibili nahi ez badu. Pertsona guztiek ez daukate umore-senik.

Barrea sorrarazteko istorioak txisteak kontatzea, ondo eginez gero, oso atsegina da. Baina beldurgarria da. Beldurgarria da, txarto egiteak ondorio oso desatseginak ekar ditzakeelako. Umore kontuetan ez dago hautsi-mautsirik edo atsegina da edo nardagarria da eta, orduan, gustu txarreko zerbait da, kito. Badira izan pertsona barre zaleak, edozein gertaeraren aurrean barrezka hasten direnak. Nik ezagutu ditut bonbillak erosterakoan barrez lehertu izan direnak itxurazko motiborik gabe. Barrea kutsagarria baita. Bai, baina badira bestelako pertsonak, Gipuzkoako apezpikua baino serioagoak, sekula barre egiten ez dutenak. Pertsona horiek komedia drama egiten dute.

Xabier Isasi Balanzategi

www.unibertsitatea.net/blogak/isasi/

@XabierIsasi

Argazkia: pj_vanf

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s