Alemanen hizkuntza gogaikarria (II)

Mark Twain - A complete word

Ikusi LEHEN zatia.

Aipatu bezala, alemanez badira solasaren hamar atal, eta hamarrak dira korapilatsuak. Aparteko xelebrekeria zirraragarriak dira, Alemaniako egunkarietan argitaratzen eta arruntzat jotzen diren perpausak: bakoitzak zutabe laurdena hartzen du eta solasaren hamar atalak ditu barne —eta ez ordenaturik, nahasirik baizik—; idazleak unean bertan asmatutako, hiztegietan aurkitu ezin diren hitz-elkarteez osatzen da nagusiki —sei edo zazpi hitz batera pilatuta, inolako lotune edo joste lanik gabe… gidoitxorik gabe, hain zuzen—; hamalau edo hamabost gai desberdinei buruz aritzen da, eta horietako bakoitzak berezko parentesia du, eta gero hiruzpalau parentesi estra ditugu han eta hemen, beste parentesi txiki horiek denak pozik familiatan biltzen dituztenak, eta azkenik, parentesi eta bi-parentesi guzti horiek batera metatzen dira, XL tamainako parentesi erraldoi pare baten barruan. Horietatik lehenengoa esaldi handientsu horren lehen lerroan aurkituko dugu, eta bestea, azken lerroaren erdialdean —ondoren ADITZA baitator, eta orduan jakingo dugu lehenengo aldiz zer arraiori buruz ari den idazlea—; eta aditzaren ondoren —nik dakidanez, apaingarri gisa soilik —idazleak zera eransten du: haben sind gewesen gehabt haben geworden sein”, edo horren antzeko zerbait, eta orduan bai, orduan bukatua dugu monumentua. Tankeratsutzat jotzen ditut nik, esaldiari amaiera ematen dion makulu hori eta sinadura baten apaingarriak —politak, bai, baina hutsalak—. Bai, alemanezko liburuak erraz asko irakurriko ditugu, aurrean lupa bat jarriz gero, behinik behin —edo beharbada gure burua hankaz gora jartzen badugu, egitura alderantzizkatzeko eta ulergarri bihurtzeko, alegia — baina Alemaniako egunkari bat irakurri eta ulertzen ikastea, hori kimera beteezina deritzot atzerritarrentzat.

Hala ere, alemanezko liburuak ere ez dira erabat libratzen parentesitis honengandik … nahiz eta orokorrean aski bareak diren eta lerro bakan batzuk besterik ez dituzten hartzen. Eta beraz, azkenean aditzera ailegatzen garenean, gutxienez esanahi puntu bat pizten zaigu buruan, oraindik aurretik esandakoaren zati handi bat gogoratzen delako.

Hemen duzue etsenplu gisa, nahiko ezaguna den Alemaniako eleberri bikain batetik jasotako esaldi bat —tartean parentesi txiki bat duela—. Hitzez hitz itzuli, eta parentesi markak eta gidoitxo batzuk erantsiko dizkiot, irakurleari laguntzeko —nahiz eta jatorrizkoan ez dauden noski ez parentesi markarik ez gidoitxorik eta irakurle kementsua abandonatuta uzten den, urrutira sumatzen duen aditz horren bidean, ahal duen moduan, aurrera egin dezan.

baina bera, kalean, (satinez-eta-zetaz-estalita-orain-azken-modari-jarraiki-dexente-estugabe jantzita) gobernuko kontseilariaren emaztea ezagutu zuenean” …[1]

1. Wenn er aber auf der Strasse der in Sammt und Seide gehüllten jetzt sehr ungenirt nach der neusten Mode gekleideten Regierungsräthin begegnet.

Esaldi hori Marlitt anderearen “Andereño adinduaren sekretua” liburukoa da. Eta, zinez, alemanez hobesten den ereduari jarraituz idatzitakoa. Ikusten da zein urruti geratzen den aditza irakurlearen operazio-gunetik; bada, Alemaniako egunkari batean aditza hurrengo orrialdean idazten dute; eta ez bakarrik hori, nik entzun dudanez, batzuetan idazleei presa sartzen zaie, eta moldiztegi aldera aditzaz batere akordatu gabe abiatzen dira. Irakurlea leher eginda geratzen da orduan, jakina. Eta idazlearen atariko jolasak eta parentesi kitzikatzaile eta itxaropentsuak zutabe pare batez jarraitu ondoren, oraindik tutik ere ulertu gabe.

Alemaniarrek badute bestelako parentesi bat ere, aditza bitan mutilatu, eta aditz erdia liburuaren atal zoragarri baten hasieran jarri eta beste erdia atal horren bukaerara eramaten duena. Pentsa! Bururatzen al zaizue hori baino saltsa handiagorik? Halakoei “aditz bereizgarriak” deritze, eta aditz horiez josita dago alemanaren gramatika. Eta are urrutiago elkarrengandik aditzaren bi zatiak, are harroago idazle kriminala bere jardunbidearekin. Begikoenetako bat “reiste ab” dugu —abiatu, alegia—. Hemen doakizue, neronek liburu batetik ateratako eta euskaratutako adibide bat: “Maletak prest zirela, AB (bere ama eta arrebei musu eman ondoren, eta beste behin muselina zuri lauez jantzita zegoen eta ile marroi distiratsuan akara bakarra zeukan, bart gaueko asaldura eta beldurrarengatik oraindik zurbil zegoen, baina burua bizitza bera baino gehiago maite zuen, haren bularrean bermatzeko irriketan zegoen eta eskaileretan behera motel eta albo-alboka zetorren, Gretchen maitea besarkatuz) IATU ZEN.

Egia esan, ez da komenigarria aditz bereizgarriekin denbora gehiegi galtzea. Alemaneko ikasle koitadua bere onetik aterako dutela segur; eta inork abisatu gabe, ikasgaiarekin jarraitzen baldin badu, garuna malgutuko edo fosilduko diote, bietatik bat. Izenordainak eta izenlagunak ere, oztopo oparo eta emankorrak ditugu, eta beraz, baztertuak beharko lirateke. Esate baterako, hots berak, siek, esanahi sorta hau biltzen du: zu (ala berori), hura (emea – nominatibo kasua), hura (emea – akusatibo kasua), hura (gauza), haiek eta haiena. Hausnar dezagun minutu batez hizkuntza honen gabeziei buruz, hitz bakar batek —hiru hizki besterik ez dituen hitz purtzil batek— sei hitz desberdinen lanak bete behar dituenean. Hori baino, ordea, pentsa zein sumintasun sortzen duen inoiz ez jakiteak hauetariko zein den hiztunak benetan esan nahi duena. Argi ulertuko duzue, bada, zergatik ezezagun batek SIE esaten didan bakoitzean, hura akabatzeko irrika bizia pizten zaidan.

GERO BERETIK…

Egilea: Mark Twain

Itzulpena: Zuriñe Barrere / zurinye.blogspot.com.es / @zuriyebc

Anuncios

Una respuesta a “Alemanen hizkuntza gogaikarria (II)

  1. Pingback: Alemanen hizkuntza gogaikarria (III) | barretartia·

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s