Igande goizak

Askotan etortzen zaizkit burura txikitako igande goizak. Gosaritarako kafesne beroa eta galleta mariak jan eta gero, amak bainatzen laguntzen zidan. Gaztañako (baserriko) bainera txikia zen, normalaren erdia. Hankak gurutzatuta edo paretaren kontra jarri behar izaten nituen. Ez, ez zen batere erosoa, baina gustura egoten nintzen hantxe, txalupa txiki hartatik mundu zoragarriak irudikatzen. Gero etortzen ziren komeriak, negu partean, komuneko berotasunetik atera behar nuenean. Ez zegoen (ez dago) kalefakzio zentralik gurasoenean. Sukaldeko epeltasunera korrika egin behar izaten nuen, bidean katarro bat ez harrapatzeko.

Bainuaren ondotik, nola ez, “Igandetako Erropa” (bai, letra handiz) ateratzen zidan amak, mimo osoz gordea eta prestatua. Amaren ilusioa astean behin behintzat alaba “neskaz” jantzita ikustea zen, eta hantxe uzten zizkidan ohe gainean gonak eta soinekoak, eta ileko mototsetako gantxo eta koloretako zintekin osatzen zuen nire “look” igandetarra.

Behin uniformea jantzita, hurrengo betekizuna (neretzat garrantzitsuena), gurekin bizi zen amona Teodorarena joan eta tente, bere aurrean,  “Agur Maria” eta “Aita gurea”k  errezitatzea zen. Hortxe hasten nintzen, krixton belozidadian: “Agur Maria, graziaz betea, Jauna dago zurekin, bedeinkatua zara zu,…”. Ontzat ematen bazuen errezua, kartera iriki eta bost durokua ematen zidan. Hura poza! Marketing ederra egiten zuen amonak elizaren alde, bai horixe.

goxokiakGaztañako liturgia guztiak bukatuta, mezetara joaten nintzen lehengusu eta lagunekin. Meza luzea egiten zitzaidala gogoratzen dut, eta oso ondo ere ez nuela ulertzen hil eta pizteko kontu hura, baina aitortu behar dut kantuak abesten gozatua hartzen nuela. Azkenean, eta eternaleko mezaren ondotik, korrika ateratzen ginen ume guztiak goxoki dendara, asteko paga ahalik eta litxarkeri gehienetan gastatzera.

Oroitzapen horiek guztiak etortzen zaizkidalako gustatzen zaizkit igande goizak.

Beno, horregatik eta lagunekin ORAIN egiten ditugun hamaiketakoegatik ere.

Idoia Torregarai Martija

@bootxo

Argazkia: roolrool

Anuncios

2 Respuestas a “Igande goizak

  1. Amak sarritan kontatzen dau nire ahizpetako bati 25 pezetakoa ematen ziola txutxerixak erosteko… Halako baten solte eduki ez, eta 100 pezetakoa eman zion… Hark ez zuen horrelakorik gura, 25 pezetakoa gura zuen. Txanpon harekin bazekien zer erosi, hogei ogorlekoagaz ordea…

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s