Alemanen hizkuntza gogaikarria (III)

Mark Twain - TertuliaIkusi LEHEN eta BIGARREN zatia.

Eta azter dezagun orain izen-sintagma. Honelako kasuetan xinpletasuna abantaila litzateke noski, beraz, nola ez, alemanez ahalik eta gehien konplikatu zuten asuntua. Gure hizkuntza goiargitu honetan—euskaraz, alegia— gure lagun “onari” edo “onei” buruz hitz egin nahi baldin badugu, forma sinple horiei jarraitu eta ez dugu inolako arazorik edo gaitzondorik izango. Bai, “on” deklinatu beharko dugu, baina ez izenak eta erakusleak. Ez da horrelakorik gertatzen, ordea, alemanez. Kontuz alemaniar batek izen-sintagma baten gainean atzaparrak jarriz gero, hasiko zaio deklinazioari egurra ematen eta izenlaguna behin eta berriz jokatuko du, joko eta deklinazio artean hitzak zentzu osoa galdu arte. Eta izenlaguna gehiago deklinatu ezin duenean erakusleei eta izenei helduko die. Latina bezain ilogikoa da alemana. Tira, alemaniar batek trankil asko botako ditu honelakoak:

Singularrean

Nominatiboan—Mein guter Freund, nire lagun ona/k

Genitiboan—Meines guten Freundes, nire lagun onarena

Datiboan—Meinem guten Freund, nire lagun onari

Akusatiboan—Meinen guten Freund, nire lagun ona

Pluralean

N.—Meine guten Freunde, nire lagun onak/ek

G.—Meiner guten Freunde, nire lagun onena

D.—Meinen guten Freunden, nire lagun onei

A.—Meine guten Freunde, nire lagun onak.

Eta orain, ikas ditzala buruz aldaera horiek ikasle inozoak, ikusiko duzue zein azkar sartuko duten eroetxera. Lagunen izenean horrelako lanak hartzea baino, hobe Alemanian gora eta behera adiskiderik gabe paseatzea. Azaldu dut zein korapilatsua den lagun (gizonezko) on bat deklinatzea, bada, hau lanaren herena besterik ez da, izan ere, aldaera hauen distortsio-sorta berri oso bat ikasi behar da hizpide dugun laguna emakumezkoa denean, eta oraindik beste bat gehiago, objektua neutroa bada. Suitzan katu beltzak baino gehiago topatuko ditugu hizkuntza honetan izen-sintagmak, eta derrigorrez jokatu behar dira denak, goiko adibidean bezalaxe. Zaila? Katramilatsua? Hitz horiek ez dira inolaz ere hizkuntza hori deskribatzeko nahikoak. Heidelbergen ikasten zebilen gazte kaliforniar batek esan zidan behin, izen-joko aleman bat baino, gustorago jokatuko lituzkela errusiar erruletan partida bi.

Hizkuntza hau asmatu zuenak, antza, atsegin handiz konplikatu zuen otu zitzaion gisan eta ahal izan zuen guztietan. Adibidez, inork etxe, Haus, zaldi, Pferd, edo zakur, Hund, bati egiten badio erreferentzia nik orain aipatutako eran idatziko ditu hitzak. Baina erreferentzia hori kasu datiboan egiten baldin badu, ezertarako balio ez duen –e txotxolo bat erantsiko du atzetik, eta Hause, Pferde eta Hunde idatziko. Hortaz, alemanez atzeko –e horrek askotan plurala markatzen duenez —gure euskarazko k hizkiak bezala—, ikasle hasiberriak hilabete pasako du zakur datibo singularrari zakur bixkia gehitzen, bere akatsaz konturatu harte. Bestalde, diruz larri dabilen ikasle hasiberri dezentek bi zakur erosi eta ordaindu izan dituzte gero bakarra jasotzeko, zakur pluraletaz hitzegiten ari zirelakoan, zakurra datibo singularrean erosi dutelako ezjakinki. Gramatika arau zorrotzen arabera, legeak saltzailearen alde jo zuen noski, eta, hortaz, ezin izan zen diru-itzultzerik eskatu.

Alemanez, letra larriz hasten dira izen guztiak. Hori bai, hori ideia ona da; eta hizkuntza honetan ideia onak, nahi eta nahi ez, bereziki nabarmenak dira, hain daude gutxi. Izenak letra larriz idaztea ideia ona dela deritzot, letra larria medio ikasleak ikusi orduko identifikatzeko dezakelako izena ia beti. Noiz edo noiz huts egingo du, pertsona baten abizena eta gauz baten izena nahastu eta tarte dotore bat emango duelako abizenari esanahia atera nahian. Abizen alemanek esanahia dute ia beti, eta horrek ere ikaslea engainatuko du maiz. Behin, honela zioen esaldi bat itzuli nuen: “eta tigresa amorratuak kaiolatik ihes egin eta guztiz irentsi zuen pinu-basoa” (Tannenwald). Hasia nintzela duda egiten, ohartu nintzen Tannenwald gizon baten izena zela kasu honetan.

GERO BERETIK…

Egilea: Mark Twain

Itzulpena: Zuriñe Barrere / zurinye.blogspot.com.es / @zuriyebc

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s