Komunak eta generoa

komunakZertarako daude komunak? Hamalau mila gauzetarako jakina, ikaragarria da zenbat gauza egin daitezke komunean, ados: irakurri, idatzi, telefonoz hitz egin, apaindu, garbitu, zaindu, gozatu,… labur esanda baina ezinbestean komunean egitekoak, pixa eta kaka dira, gordin; edo…… gure gorputzeko gorotz-isuriak hustu nahiago baduzue (puajjjj…)

Kontua da, gaurko gizarte aurrerakoi, ekitatibo eta berdinzale ( karkarkarkar) honetan, genero berdintasunean urratsak eman eta sendotu ditugula diogun honetan, pixa eta kaka egiteak ez gaitula desberdintzen. Konforme, kakak gehiago berdintzen gaitu pixak baino, antzerako uzkia dugu eta, ez aldiz zakil/aluak… baina ez dugu tresna desberdinik behar komunetan alegia. Hori dela eta, hainbeste urrats eman ditugun honetan, zer dela eta ditugu oraindik desberdinduta neskentzako komunak eta mutilentzako komunak ikastetxeetan, tabernatan, jatetxeetan, kultur-etxeetan, udalekuetan, ospitaletan, lantokietan, jai-tokietan, …?

Eta ez du balio mutilak konketak zipriztinez zikintzen dituztela esateak; ezta haien puzkerrak kirats handiagoa dutela; ez neskak saio amaigabeak egiten dituztela, ez konketa gainean jartzen direla mutilen zipriztinekin ez zikintzeko eta mutilak ezin direla ostean konketan eseri neskek zikindu dituztelako,… Ez.

Zerk eragozten du komunak komun izatea eta beharra duena bertara joatea neska zein mutil izan? MISTERIOA!!!!

Niri gertatutakoa kontatuko dizuet. Ez inori esan mesedez, ukatu egingo baitut niri gertatu izana eta!

Kontua da, gure lantegiak eraikin berria zuela, dotorea oso, ez oso funtzionala baina elegantea bai. Mila ezaugarrien artean, bulegoz hornitutako gure solairuko komunak, horixe ziren, … Komunak. Neska-mutilen komunak, desberdinkeriarik gabeko komunak. Bai ondo! Pentsatu nuen nire artean, ondo dago benetan eraikina berritzearekin batera, zaharkitutako ohiturak ere berritzea eta eskatologiko traza badu ere, sexu-desberdinkeriarik gabeko espazioak nagusitu. BIBA LORPENA!

Halako batean ordea, nire bulego aldameneko komunera joan pixa-larriak nengoela eta sartutakoan ondo ikusi gabeko (presa dela eta) ikur berria antzeman nuen atean. Irteterakoan ondo erreparatu eta… ez da posible! Mutil ikurra!!! Bestera joan eta… Neska ikurra. Einnnn?????

Orduan hasi nintzen galdezka… Zer gertatu da? Zer dela eta aldaketa hori? Nor erabaki du aldaketa banatzailea? Zergatik?

Itxuraz, “gutako” batzuk protesta egin omen zuten; emakumeek alegia, komunak zikin zeudela, intimidadea galtzen zela… Nola???? Zikin? Ez nion bada nik erreparatu. Intimidadea? Ze intimidade eta intimidade ondoko, pixaliak amorratuta, beti azkeneko momenturaino uzten dudalako, nire buruari itxoin pixka bat hau bukatutakoan joanago naiz, iritsiko naizen edo ez naizen larri, korrika, komunera bidean noan horretan, urrutirago joan behar dudanean, kuleroak busti gabe iristearen arriskua arriskutsuagoa bilakatuz, atso ergel bati otu zaiolako komunean lasai egon nahi duela isipilu aurrean imintzioak eginez behatzaile susmagarririk gabe? Bejondaiela!!!!!

Kontua baina, aginte-organuetara iritsi omen zen eta horixe erabaki omen zuten, zuzena zela komunak sexuaren arabera desberdintzea. EZ DUT ULERTZEN!

Beno, arraro-xamarra naiz itxuraz; izan ere bati eta besteari ergelkeria iruditzen zitzaidala esan, haiek antzerakoa erantzungo zidatela pentsatuaz eta aurrekoa isildu eta aurpegi arraroarekin ez dit begiratzen bada? Kaka!

Hala ere, nire intsumisio partikularra egin nion erabakiari, eta mundu guztiak itxuraz normaltasunez onartu zuen horri jaramonik egin gabe (zalantzan jartzeraino inoiz komunak desberdindu gabe egon zirena), aurrerantzean ere nire bulegotik gertuen zegoen komunera joateko erabakia hartu nuen, gizonezkoen komun izendatu-berrira jakina.

Pentsatu, erabaki eta egin! Ederra naiz ni gero…
…deserosoa egiten hasi zitzaidan arte, eta ez zipriztinak zirela eta, ez kakusai kirastunak, ez komun barruan zaratak disimulatu beharrak, ez kantu-txistuan ez ibiltzeak, ez hau edo hura txorrotadaren soinuagatik ezagutzeak sortutako ikaskuntza berriak… ez; behin eta berriz azalpenak ematen hasi behar izateak sortu zidan deserosotasuna.

Komunaren sarreran lankidearekin topo egin eta “aupa” esan eta barrura sartu ordez, pixa-kidea gizonezkoa zenean, aurpegira begiratu, atean zegoen ikurrera begiratu, eta alde egiten zuen batzutan. Beste batzutan ordea, mugimendu bera egin ostean (aurpegi-ate-aurpegi) honakoa esaten zidan… ehhh, Lore, gizonezkoen komuna da hau. Eta nik erantzun: bai, hala da, eta barrura sartu.

Haien aurpegia irudikatzeak sortarazten zidan barregureak barrenak arinago hustutzea eragiten zidan.

Baina, ba ziren batzuk, lagunak gainera, esaten zidatenak… Baina Lore… zer dela eta sartzen zara mutilen komunean?????? Eta argitu behar nien ezetz, ez nuela sexu aldaketarako prozesua abiatu ezetz, … Nire intsumisioaren berri eman behar nien, kontakizun luzea ordurako… Gero eta negakarriagoa gainera eta azkenean aitortzen dut, AMOR EMAN NUEN.

Egun, nesken komunera joan ohi naiz, txintxo-txintxo baina noizik eta behin gaiztakeria egiten dut, ( ederra naiz ni gero…) mutilen komunean sartzen naiz, botila urez betetzera besterik ez bada ere.

Hau da hau debilidadea!!!

Lore Erriondo

@erriondo

Argazkia: http://ow.ly/ppxa6

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s