Korrikalari hasi-berriaren promesa

Urte hasierarekin bat, osasun ohitura berriak eskatu, eta hartu ohi ditugu, edo behintzat horretan saiatzen gara. 2014ean ere zer gutxiago, ezta? Nik urte berrirako egin dudan promesetako bat; kalean korrika egiten hasi, eta ohitura hori astean bizpahiru alditan mantentzearena da. Ohitura hori, ekainean hasi nuen “2014ko Bikini Operazioa”ren bigarren fasea da hain zuzen ere. Bai, bai, urtebeteko “bikini operazioa”, lehen sei hilabeteetan kilo batzuk galdu, eta hurrengo sei hilabeteetan kirol ohitura onak hartu, eta gorputza eraldatu.

Fotolia_54781680_S-281x300Urte asko neramatzan oinetakoak jantzi, eta kalera nire kabuz joaten ez nintzela, zehazki, nire bizitzako 24 urte luzeak. Urteko lehen astean egin nituen, urtarrilaren 3an zehazki, Zarautz eta Getaria artean dagoen itsas-pasealekuko hiru kilometro eta erdiak, Getarian bira bat portutik, eta buelta etxera. Guztira, hamar kilometro egin nituen lehenengo egunean! Hori egin behar nuen, izan ere, handikeri baten ondorioz, aurten Behobia-Donostia lasterketa egin behar baitut.
Agian Bilbon ikasten igarotako bost urteek handikeria horretan zer ikusirik badute, edota anaiak, bilbotar deitzen nauen horrek, nire handikeria frogatu nahi, eta apustua luzatu zidan nahita. Kontuak kontu, inoiz korrika egin ez, eta urte eskas batean, ia 21 kilometroko lasterketa egin behar.

Apustu horregatik hasi nintzen korrika, urteko lehen asteko astegun batean, jendea lanean zela aprobetxatuz. Gainera, egun euritsua aprobetxatu nuen, jende gutxiago kalean izanik, nire baldarkeria ere jende gutxiagok ikusiko zuelakoan. Umeek jai izanik, goizeko bederatzietan irtetea erabaki nuen, hauek oraindik ohean daudela imajinatuz. Halere, ni kalera irten orduko atertu zuen, eta bakarren bat pasean zebilen, denbora aprobetxatuz.

Nire lehen metroak malekoitik egin nituen, lasterketaren hasierara heldu bitartean. Tarte horretan arraro sentitzen nintzen, nire buruari etengabe galdera bera eginez; Xabier, zer ari zara korrika? “Quien te ha visto, y quien te ve” errepikatuz. Metro horietan, erritmo egokia ezin aurkitu, batzuetan astiroegi, eta besteetan arnas eztulka. Malekoia amaitzean, hau da, irteerara heltzean, gelditu, eta estiramenduak egin nituen, goi mailako atleten moduan, behintzat hala begiratzen zidaten handik zenbiltzanak, barrezka. Nik nirera jarraitu nuen, musika entzunaz, eta haien begiradei jaramonik egin gabe, aurrera, lehen urratsak emanaz.

Lehen bi kilometroetan erritmo egokia aurkitu nuen, eta aise joan nintzen, haize ufadak laguntza moduan hartuz. Lehen barre egin zidatenei aurreratzeko unean, aurpegi alaia jarriz agurtu nituen, “quien ríe último, ríe mejor” esaera buruan bueltaka nuela. Pultsazioak ere egoki zihoazen, limitetik hurbil, baina goi mailara heldu barik. Baina, tamalez hasiera guztiak ezin errazak izan, eta tamalez nire burukominak heldu ziren. Itsaso zakarra ez nuen aintzat hartu, eta olatuen talkak heltzen ziren errepidera. Ni ez bustitzeko, erritmoa areagotzen edo mantsotzen nuen, pultsazioak nabarmen igoaz. Halako batean, erreakzionatzeko astirik gabe, olatuak bete betean harrapatu ninduen, ni goitik behera bustiz. Soinean pare bat kilo gehiagorekin, aurrera jarraitu nuen, lehortuko zelakoan. Bai zera! Euria hasi baitzuen orduan. Halere, burugogor eutsi, eta Getariako joan etorria egin behar nuen. Kostata, baina ordu erdia beteteta, Getariko herrian urratsak ematea lortu nuen. Hankak fresko nituelakoan, bertako aldapan gora eta behera jarri nintzen hamar minutuz, itzuli aurretik. Portura jaitsi, eta San Anton mendia igo ostean, ekin nion itzulerako bideari.

Uste baino gehiago eragin zidaten aldapa haiek, eta erritmoa mantenduz, egin nuen lehen kilometro eta erdia. Erritmoa ez jaitsi izanaren ondorioak, eta haizea aurka izatearen desabantaila, azken bi kilometroetan sentitu nituen, arnas eztulka eginez. Ibilbidea beteta, etxera joan nintzen berehala, arropa erantzi, eta bainu bero bat hartzera, hidromasajea martxan jarriaz. Erlaxatzen nintzen bitartean, nire egutegia betetzen hasi nintzen, hurrengo aldia korrika egin behar nuen eguna, urtarrilaren 7an kokatuz, erregeen osteko egunean alegia. Korrika egitearen ohitura beteaz.

Bai zera! Oraingoz ez dago bigarren egunik, lehen egunean belaunek behar baino lan gehiago egin baitzuten, eta oraindik minduta ditut. Lehen egunean hainbeste kilometro egitea, ez zen asmo ona izan, eta anaiari arrazoia eman nion behingoagatik, handikeria izan zela hori. Ia bi aste pasata, belaunak hobeto ditudala igartzen dut, eta orain poliki-poliki oinez ibiltzen hasi naiz, korrika tarteka kilometro bat egiten badut ere, askorik behartu gabe.

jakina da aldaketa bakoitzak bere denbora behar duela, eta kirol ohituretan ere, halaxe gertatzen da. Ezin dugu egun batetik bestera, aldaketa handiak jasan, are gutxiago 24 urteetan hartu ez dudan ohitura, egun batetik bestera geure egitea … Ea oraingo honekin ikasten dudan, eta urrian Behobiatik Donostiara korrika egiteko gai izaten naizen. Tik, tak, tik, tak, denbora aurrera baitoa.

Xabier Larrañaga

@xabilarra

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s