Doktorea

Doktore naiz. Ez da nabarmenkeria; ez pentsa jendea ezagutu bezain fite aipatzen diodala nire maila akademikoa. Baina eginahalak egin ditut doktorea izateko, eta ez dakit zertan utzi beharko nuen isilpean datu hori, datu hotz eta objektibo hori. Doktore naiz. Historian. Bigarren osagaia ez da hain inportantea: filosofia edo zuzenbidea ere hartzekotan egon nintzen. Zientziako karrerarik, ordea, ez. Hiru batugaiko eragiketa sinpleenek berek ere zorabioa sorrarazten didate; galdu eginen nintzen, beraz, fisikaren abstrakzioan, edo kimikaren labirintoetan. Ez, historia hautatu nuen, letretako karrera errazetan errazena zelakoan. Memoria ona dut, eta historia ez da lau erregeren –eta erreginaren baten– izenak eta data pare bat buruz ikastea bertzerik: Felipe II.a eta Lepanto (1571), Louis XVI.a eta gillotina (1793), Juan eta Katalina eta Nafarroaren konkista (1512). Tira, berehala ohartu nintzen gauzak konplikatuxeagoak zirela, kausak –urrunak eta hurbilak– eta ondorioak aztertu behar direla, eta zenbait hitz berezi barneratu –la longue durée–. Historialariek, bertzalde, data hutsak pilatu beharrean, joera handia izaten dute eztabaida txatxuak egiteko edozein huskeriaren kariaz, eta interpretazio gatazka horiek ikasi behar izaten genituen. Inportanteena zen, halere, azterketa egiten zuen (eta, hortaz, nota jarriko zizun) irakasleak zer aditu nahi zuen jakitea, eta horretara lerratzen nintzen ni. Batzuk tematuak ziren narrazio handien eta historia teleologikoaren kontra. Nik, berriz, ez nien kontzeptu horiei deus txarrik igartzen. Doktore izatera ailegatzea izan da nire bizitzako narrazio handia, eta horretara bideratu ditut, ahalik eta teleologikoen, nire eginahal guziak.

Baina digresio hutsa da hori guzia. Urte luzeak izan ziren: karrera, doktoretza, baina hondarrekoz, titulua erdietsi nuen. Prest nintzen. Azken urratsa bertzerik ez zitzaidan falta. Titulua eskuratu eta geroko urteak zailak izan dira, eta amore emateko puntuan egon naiz behin baino gehiagotan. Zertarako balio du doktore izateak, atera nahi zenion etekin praktikoa ez badiozu ateratzen ahal? Kasu eman ezean, doktoretza paper hutsa bihur liteke; adi ibiltzen ez bazara, urte anitzetako lana etxeko pareta dotoretzen duen alferrikako apaingarri bilakatzen ahal da. Doktore naizenez geroztik, dena egin dut hori gerta ez dadin; doktoretza ez baitzen helburua, pauso bat baizik helmuga jasoago eta espiritualki (niretako) betegarriago baterako.

jatetxeaCum laude-a eman zidatenetik, ia-ia egunero bazkaldu edo afaldu dut etxetik kanpo –eta, zenbaitetan, biak, bazkaldu eta afaldu–, nire aukeraren esperoan, barrandaturik, itxuraz nirekin zegoen lagunarekin solasean, baina egiaz inguruko guziei beha nengoela, erne, zain, atezuan. Filmetan maiz gertatzen da, baina ez da hain erraza, eta behin baino gehiagotan lur joa bueltatu naiz etxera; baita negarrez ere, batzuetan. Jende zaharra zer jatetxetara joaten den ikertu dut; bihotzeko problemak zituzten lagunak zelatatu ditut eta modu zabarrean –gauzak ongi murtxikatu gabe eta janari puska handiak irentsiz– jaten zuen jendearen gibeletik ibili naiz. Behin, ondoko mahaian, eztulka hasi zen emazteki bat, ito beharrez, eta berehala sumatu nuen oilo-ipurdia nola jartzen zitzaidan, baina ez, ez zen deus pasatu. Ez, ez da hain erraza.

Doktore naiz. Historian doktore, baina bigarren datu hori munta gutikoa da, nik doktore izan nahi banuen, eta berdin zitzaidan zertan. Urte luzeak izan dira, eta zernahi sakrifikatu behar izan ondoan, hasia nintzen pentsatzen ez ote zen dena alferrik izan. Baina, atzo, hondarrean, miraria gertatu zen: ostatu eder batean lasai afaltzeko planta egiten ari nintzela, bihotzekoak eman zion bi mahai haratago zegoen gizon bati. Bertze bezero bat harengana joan zen tarrapataka, eta ikusiz gizona lurrean zegoela, hilzorian, nire amets zoro guzietan aditu dudan garrasia egin zuen bezero hark, asaldatua, guri begira, nik isilpean erantzuna –“bai, hemen, ni!!!!!”– entseatzen nuen bitartean:
–Bada doktorerik aretoan?

Santi Leoné

@ororostorm

Argazkia: http://ow.ly/tuYP9

“Sarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du”

KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_banner

Anuncios

Una respuesta a “Doktorea

  1. Pingback: #KZJaia: 3. Laburpena | #KZJaia | Zientzia Kaiera·

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s