Eta elurra beltza zen

Ongi gogoratzen dut, bai, zer nolako galderak egiten zizkigun andereño Marijosek koloreak lantzen genituenean: “Zein kolorekoa da belarra?” eta haur guztiok azkar erantzuten genuen, baton bat despistatua ibiltzen bazen ere: “Berdea!!!” Ozen eta begiak zabal zabalik, aurpegian hiru borobil eginez. Behar bada ez zen oso orijinala, mundu osoan lantzen baita formula bera; baina oso polita zen: hitzek errealitatearekin bat egiten zuten.

Haatik, gerora konturatu naiz kolore batekin oker ibili zela gure andereño: zuria. Izan ere, gehienetan, elurrarekin lotzen zuen. Logikoa, baina Nafarroako Pirinioetara bizitzera etorri naizenean konturatu naiz elurraren benetako kolorea beltza dela. Bai, ongi irakurri duzue: BELTZA.

Duela urtebete heldu nintzen eskualde honetara, eta gaurko egunean ere oilo ipurdia jartzen zait iazko negua gogoratzen dudanean. Hilabete han-hemenka ibili ostean, etxea topatu nuen herri txiki batean. Hala, logela berrian igaro nuen lehenengo gauean hasi ziren dantzan nire mamuak. Urtarrilaren 15a zen, asteartea. Goiz hartan nire pisu-kidearen oihuek esnatu ninduten: ai ama! errepikatzen zuen etengabe! Urduri, mesanotxeko lanpara pizten saiatu nintzen, baina ez nuen lortu. Horiek horrela, ohean alde batera eta bestera mugitzen hasi nintzen, eta, bat batean, amak utzitako maindire termikoek logela argitu zuten. Susto ederra eman zidan ditxosozko elektrizitate estatikoak!

2013-01-24 10.37.16Halako batean, ohetik altxatu nintzenean eta leihoa zabaldu nuenean, ezin nuen sinetsi begien aurrean nuena. Aho bete hortz geratu nintzen: kotxeak zeuden lekuan pilota zuri erraldoiak zeuden! Azkar batean jantzi, eta korrika irten nintzen karrikara! Inoiz ikusi ez nuena ikusi nuen: herria manta erraldoi eta zuri baten azpian zegoen! Pentsa, elurra ia gerriraino heltzen zitzaigun! Gauzak horrela, Indiana Jones-en antzera, autoak elur azpitik ateratzen hasi ginen!

Bat, bi, hiru… eta lau! Karriketako esnegainaren azpian, lau auto berreskuratu genituen! (hurrengo eguneko egunkariko azalean atera ginen) Egindako lanaren ostean, etxera itzuli ginen bazkaltzera eta arropa aldatzera. Elur artean ibilita, galtza guztiak blai-blai genituen, eta, aizue, ez nuen nahi nire koxkobiloak hoztea! Beraz, berokia aulkian utzita, logelara igo nintzen. Bien bitartean, nire pisu-kideek berokia hartu zuten, eta komunean ipini zuten zintzilik. Argirik ez zegoen etxean, eta ahal genuena bazkaldu genuen.

“Eta orain… Zer eginen dugu?” Galdetu genion elkarri. “Bada, nik behintzat, lo kuluxka eginen dut” erantzun nien. Begiak itxi eta berriro ireki nituenerako argia itzuli zen etxera. Pozik, egongelara joan nintzen sua piztera. Haatik, nire pisu-kideak ez zeuden hain pozik. “Zer demontre gertatu da orain?” Galdetu nion neure buruari. Halako batean, laguna gerturatu zitzaidan eta esan zidan: “Albiste txar bat dugu, Arkaitz”. Isiltasuna nagusitu zen. Segundo bakoitza minutu bat zen, minutu bakoitza ordu bat… Komunera joan ginen, eta atea zabaldu bezain laster sekulako erre kiratsa sumatu genuen! Antza, pisu-kide batek nire berokia ispiluko bonbilletatik zintzilik ipini zuen, eta argia itzuli zenean txanoa erre zen! Bai, kiskali, bi zulo eder buru gainean! Ez nekien zer egin, zer esan… eta etxea garbitzen hasi nintzen… Oso erreakzio arraroa izan nuen…

Hori guztia egun batean gertatu zen, bai. Aldiz, elurra kentzeko errituala 5 bider errepikatu zen, uda heldu zen arte! Pentsa, ekainean ere bota zuen!!! Alabaina, esnegain zuriarekin batera, bada ikusten ez den beste osagai madarikatu bat: izotza. Egunero legez, gosaldu ostean joaten naiz lanera, eta egun batean zerbait urdina ikusi nuen autoaren azpian. Gerturatu nintzen, eta, kostata, lurrean itsatsita zegoen oihala hartu nuen. Nire sakelakoaren zorroa zen! Nonbait bezperan erori eta gau osoa zero azpitik 17 gradura igaro ostean izoztu egin zen! Gogor gorra, ezin tolestu!

2013-01-24 09.39.35Falta zitzaidana… Elurrarekin batera izotza! “Baina zer demontre egin dut nik ama-lurrarekin?” pentsatu nuen… Nik dakidala, behintzat, ongi zaintzen dut: birziklatzen dut, ahal dudanean garraio publikoa erabiltzen dut… Autoa lanera joateko baino ez dut erabiltzen… eta ia ezin erabili ere! Zergatik diot hori? Bada, egun hartan kotxea irekitzen saiatu nintzelako eta ezin! Sarraila guztiak izoztu zitzaizkidan! Tira eta tira ibili nintzen autoa ireki nahian, sarraila zati bat eskuan geratu zitzaidan arte! Azkenean lortu nuen atea zabaltzea, baina gero ezin itxi! Eta egoera horretan joan nintzen lanera: eskuineko eskua bolantean eta bestea atean, mugimenduarekin eta bihurguneetan ireki egiten zelako! Benetan diot: Inoiz ez dut hainbesteko hotza pasa gidatzerakoan!

Aurtengo negua arinagoa izan da; antza, ama-lurrak barkatu egin dit. Dena den, oraindik hotzikarak ditut iazkoa gogoratzen dudanean, eta lerro hauek idatzi ditudanean ere izerdi hotza bota dut! Ene!!!! A zer nolako abenturak! Orain, ulertuko duzuen bezala, hemendik aurrera elurraren kolorea beltza izanen da niretzat, eta egunen batean seme-alabak baldin baditut, beltza dela esanen diet! Beraz, andereño Marijose, jakin ezazu elurra ere beltza badela!!!! Eta azken ohar bat: elurra mara-mara edo elurra teilatuan abestiak kantatzen gerturatzen zaidan edonori elur bola bat botako diot! Beraz, tentuz ibili !

Arkaitz Almortza

@arkaitz_na

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s