Gordexola-New York-Gordexola

Normal-normala agian ez naiz inoiz izan, baina New Yorkera etorri nintzenetik inoiz baino xelebreago nabil.

Lehenengo astean kultura aldaketaren ajeak bete-betean harrapatu ninduen. Ez nuen entxuferako egokigailurik eta ezin traste elektronikorik erabili; ezin dutxako txorrota zabaldu (beno zabaldu bai, baina ezin asmatu nola jarri ura goitik behera); ezin leihorik zabaldu… Imajina dezakezue logelan ez zela giro, dutxatu barik eta leihoak itxita.

Jessica+Hart+gets+coffee+walks+dog+f2yZvpuIXkZlHasierako froga horiek gaindituta, hirian murgildu eta sozializatzeko ordua iritsi zen. Laster nabaritu nuen erritmoa askoz biziagoa dela hemen, beti presaka eta korrika inora ez iristeko. Denbora alferrik ez galtzeko aldi berean bi gauza egin behar dituzu bai ala bai: lan egiten duzun bitartean bazkaldu, metroan zoazela liburua irakurri, edo toki batetik bestera arineketan kafea hartu. Eta, lagunok, niri behintzat fisiologikoki ezinezko zait azken bi gauza horiek batera egitea: oinez ibiltzea eta kafeari trago ematea. Edateko derrigor egon behar dut geldi. Eta, hemen, kale erdian geratzea egin dezakezun gauza okerrenetarikoa da. Jendea ziztu bizian doa, eta ez zaie bat ere axola egundoko bultzakada edo ukondokada ematea zu erditik kentzeko, gainditu beharreko oztopoa besterik ez zara.

Halere, lasai, jasotako ostia guztiak metrora sartzean bueltatzen dizkiet. Puntako orduetan metrora sartu ahal izateko rugby jokalarien modura bultzatzea da aukera bakarra. Poltsa baloia balitz bezala besapean hartu, eta aurrera bolie. Gero, geltoki bakoitzera iristean, oreka-froga gainditzeko unea iristen da, hau da, tente mantentzea. Suspentso nabarmena dut horretan, atera zuen ondorio propioak.

Hori guztiori, noski, ingelesaren kontua alde batera utzita. Alferrik da berbak bere tokian jartzea, nire azentu eskoziar honekin hiruzpalau bider errepikatu behar izaten dut hitz bera, ahoskera-ahalegin ezberdinekin. “Zeputeesatenzabiz” aurpegia jartzen didate behin eta berriro. Zuzenean erantzuten dutenean, berriz, horrelakoak gertatzen zaizkit: mapa eske ibili (“map”) eta fregona bila bidaltzea (“mop”).

Arin igartzen dute ez naizela bertokoa (beno, egia esan hemen ia inor ez da bertokoa), eta segituan botatzen didate milioi bat dolarreko galdera: “Where are you from?” («Nongoa zara?»). Hasieran saiatzen nintzen Euskal Herria non dagoen bi hitzetan azaltzen, Espainia eta Frantzia artean dagoela esanda. Baina ez zen nahikoa. Berriro jartzen zidaten “zeputeesatenzabiz” aurpegi famatua, lur eremu horretan ezer egongo ez balitz bezala. Beste teknika batekin egin nuen froga bat edo beste, ezagunak izan zitezkeen erreferenteak baliatuta: futbol taldeak, esku-pilota/ Jai Alai, San Ferminak… astoaren putza, ezer ere ez, ezinezkoa. Beno, ba sekulako espitxa prestatu dut galdera famatuari erantzuteko: Euskal Herria zer den, non dagoen eta zein Estaturen menpe… baina argi eta garbi utzita independentista naizela eta “basque” besterik ez. “Zeputeesatenzabiz” aurpegia ez dut ekiditen, baina erantzunarekin poz-pozik geratzen naiz bederen. Beste aukera bat da, datorrenarekin hitz egiteko gogorik ez baduzu, “I don’t speak English” («Ez dakit ingelesez») erantzutea. Inoiz egin dut hori ere, baina gure arteko sekretua izan dadila.

Nongoa naizen eta ez naizen entzuten erdi lokartuta geratzen dira, hori hala da. Ez dago arazorik. Atoan esnatzen ditut. Aurkezpen formala egin ostean, hemengo jendeak eskua ematen dio elkarri. Eta, nik, eskua ematean, elektrokutatu egiten ditut. Ez dakit zein den zehatz-mehatz gertatzen zaidanaren azalpen zientifikoa, elektrizitate estatiko handia biltzen dut nonbait. Oso toki lehorra dela, moketa pila bat dagoela… ez dakit, baina guztiak ematen dit karranpa. Egunen baten han topatuko naute gimnasioko korrika egiteko makinan, frijituta. Gainera ez naiz gertatzen zaion bakarra, bertan kasik bi urtez bizi den beste euskaldun batek esan zidan berari oraindik ere gertatzen zaiola, eta spray batekin ureztatzen duela bere burua, ateak lasai zabaldu ahal izateko. Akabo!

Ur kontuez ari garela, parajeotan badago urarekin lotutako beste kontu bitxi bat. Komun-zuloak askoz ur gehiago du, askoz gorago iristen da ura. Horraino dena ondo. Erabili arte ezin da nabaritu zein den horrek dakarren berezitasuna. Hainbeste ur izatean, bertara botatako guztia flotatzen geratzen da. Bai, azalean eta agerian. Ez dakizue zenbat ikas daitekeen norbere gorputzaren funtzionamenduari buruz… hau toki aparta da doktorego tesi eskatologikoa egiteko!

credit_trapGaiz aldatu gabe, hitz egin dezagun diruaz. Hau euskaldunontzat garestia dela jakin banekien, eta baita txartelarekin ordaindu daitekeela gauzarik sinpleena ere, kafea esaterako. Hemen eta han txartelaz ordaintzearen arriskua nabarmena da, keinu errazegia baita edozerren jabe izateko txartela ematearen hori. Ba irudikatu erraztasun hori, eta gehitu gaua, gehitu parranda eta gehitu garagardoak. Eta, koktel horri azken ukitua emateko, utzi txartela barran gauaren hasieran eta izan zaitez libre. Horrekin flipatuta geratu nintzen. Kreditu txartela “zabalik” uzten dute iritsi orduko. Ez da antza nahikoa buruhauste ez jakitea zenbat diru gastatu duzun (eta zenbat geratzen zaizun!); txartela bertan utzi eta aske sentitu behar duzu, biharkoak biharko lagata. Gero, nahi beste edan ostean, txartelaren bila joateko argitasun unea izan behar duzu. Koktel arriskutsuegia.

Istorio eta histeria hauek guztiak kontatuta badirudi turistak uxatzeko eta bertara ez etortzeko kanpaina egiten nagoela, baina, sinistu, ez da horrela. Gainera, uste dut Mursegok Eusnob kanta atera zuenetik euskaldunon artean %20 jaitsi direla Berlin eta New York-era bidaiak. Ala igo? Ez nago ziur. Kontuak kontu, hiri zoragarria da, aukeraz betetakoa, eta parada izanez gero, bi bider pentsatu gabe etorri. Hiria zuek iristeko eta irensteko zain dago!

Estitxu Garai

@egarai

 

 

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s