Kreditu txartelak

Kreditu_txartelakIkertzaileok, gure lanaren parte dugu kongresu internazionaletara bidaiatzea. Kongresu hauek munduko ia edozein lekuetan izaten dira, eta bidaia hauek abentura puntua izan dezakete. Ongi prestatu behar dira, “desastrean” ez bukatzeko. Egia da, ordea, askotan bidaiatzean arreta gutxiago jartzen diegula bidaiei. Denbora gutxiago erabiltzen dugu hauek prestatzen, eta batzutan arazoak sortzen dira… Baina arazo hauek normalean errez konpontzen dira, nahiz eta egoera xelebreak suertatu. Gaurkoan, horrelako egoera xelebre batekin natorkizue.

Duela hilabete batzuk kongresu batera joan nintzen, Txileko Santiagora. Bidaia luzea da, denera ia 24 ordu pasa nituen, Pariseko eskalan ordu batzuk itxoin behar nituelako. Horrela, bidaia gauez egiten genuen, eta Santiagora goizean heltzen ginen, hango 8tan. Suposatzen da jetlagerako lagungarria dela. Zorionez, nahikoa ongi egin nuen lo, baina badakizue, ez da ohean lo egitea bezala. Aduanako gauzak egin eta gero, gogo handiak nituen hotelera heltzeko eta atseden pixka bat hartzeko. Goizeko 10:00tako han nengoen, hotelean. Gerturatu ahala, dutxan eta ohean pentsatzen nuen. Ordubeteko lokuluxka bota nahi nuen, bazkaldu aurretik. Hori buruan nuela, errezepziora heldu nintzen eta gizon atsegin bat han zegoen, nire txekina egiteko. Erreserba ongi egina zegoen, nire gela zein zen esan zidan, baina…. Bai, baina bat zegoen. Oso goiz heldu nintzen, eta eguerdiko ordu batak arte ezin nintzen gelan sartu. Grazia handirik ez zidan egin, baina, zer egin nezake? Dutxak eta oheak itxoin beharko zuten. Momentuan, umorea txartu zitzaidan pixka bat, baina zorionez egunak nire umorea dexente hobetuko zuen sorpresa bat zuen niretzat prestatuta.

Errezepzioan oraindik nengoela, kongresura zetorren lagun batekin topatu nintzen. Berari gauza bera gertatu zitzaion, ordua heldu arte itxoin behar zuela gelara sartzeko, alegia. Horrela, elkarrekin bueltatxo bat ematea erabaki genuen. Ez dizuet lehenago aipatu, baina igande goiza zen, eta ez zebilen jende asko kaletik oraindik. Kafetxo bat edo hartu nahi genuen, gure kontuak eguneratzeko, badakizue. Eguraldia oso atsegina zen, udaberrian sartu berriak ziren hego hemisferioan, eta egun epel eguzkitsua genuen, bertako kale ezezagunetatik ibiltzeko aproposa. Kafetegiaren bila ginela, nire laguna bapatean gelditu egin zen. Alde guztietara begira jarri zen, eta zera esan zidan.

– Aizu, nik hau ezagutzen dut. Goazen hemendik dagoen jatetxe bikain bat bilatzera.

SantiagoHala da, bai. Asmatu duzuen bezala, nire laguna bigarren aldiz zegoen Santiagon. Aurreko aldia bost urte lehenago izan zen, eta hiria zerbait (gutxi) ezagutzen zuen. Hori bai, jatetxe hori buruan ederki markatuta zuen. Bueltaka hasi ginen, baina ez genuen jatetxea topatzen. Bidaieko nekearekin, eta orduerdiz bueltaka ibili eta gero, aurkitu genuen kafetegi batean esertzea erabaki genuen. Terrazan ginelarik, beharrezkoa genuen kafearen aurrean, jatetxea zergatik aurkitu nahi zuen galdetu nion. Kopetilun zegoen lagunaren aurpegia piztu egin zen, istorioa kontatzen hasi zitzaidanean.

– Duela bost urte inguru, hemen izan nintzen ere, Santiagon. Bi astez egonaldi bat egin behar nuen. Larunbat goiz batean heldu nintzen, eta gauzak hotelean utzi ondoren, bazkaltzera abiatu nintzen. Jatetxe bat topatu nuen hoteletik gertu, eta bertan bazkaltzea otu zitzaidan. Oso jatetxe atsegina zen, janaria goxoa eta jabea jatorra. Arazoa ordaintzeko orduan izan zen. Txartela eman nion tabernako jabeari, eta handik minutu gutxira itzuli zen, txartelak ez zuela funtzionatzen esanez. Imajinatu nire aurpegia! Txilen heldu berria, bertako dirurik gabe, eta txartelak ez zuen funtzionatzen. Beno, esan nion jabeari, kanpoan kutxazain bat ikusi dut. Utzidazu bertara joaten, dirua aterako dut eta ordaintzera bueltatuko naiz.

– Eta jabeak utzi egin zizun? – moztu nion lagunari. Azken finean, edozein lekutan ez dizute horrelakorik egiten uztez, eta gutxiago ezezagun bati.

Kutxazaina– Utzi? Sekulako aurpegia jarri zuen. – erantzun zidan lagunak. – Zur eta lur gelditu zen, harrituta. Ez nekien nik zergatik, baina beno, gero oso garbi gelditu zitzaidan arrazoia. Joaten utzi ninduen, eta hara, kutxazainera joan eta honek ere ez zuen txartela onartzen! Beste bizpahiru kutxazainetan probatu nuen, ez bait nuen dirurik gabe itzuli nahi jatetxera. Nola ordainduko nion?

– Noski, argi dago. – komentatu nuen – baina kutxazainetik kutxazainera, denbora pasako zenuen, ez? Ez ote zen larrituko jatetxeko jabea?

– Antza denez, larritu ez da hitza – misteriotsu jarri zen laguna – Orduerdi baino gehiago pasata, kutxazainetik kutxazainera, itzuli nintzen tabernara. Jabeak harridura aurpegiz begiratu ninduen sartu nintzenean. Kutxazainekin izandako abenturak kontatu, eta sosik ez nuela esan nion.

– Eta zein izan zen jatetxeko jabearen erreakzioa? Haserretu zen? Poliziari deitu zion? – puntu honetara helduta, nire kuriositatea oso handia zen.

– Ezta gutxiago ere! Lehenengo gauza, bere harridura azaldu zidan. Ez zuen uste inondik inora itzuliko nintzenik! – barrezka kontatu zidan lagunak – Egia esan, pentsatu zuen ordaindu gabe joan nahi nuela, eta aprobetxatu bat nintzela. Nola demontre ote zen posible ordaintzera bueltatzea behin kalean egonda? Nik erantzun nion ordea, nola ez nintzen bueltatuko hitza emanda? Jatetxearen jabeak esan zidan bai, hitzezko gizona nintzela.

– Bai! – erantzun nion nik, barrezka ere – itzuli zinen bai, baina dirurik gabe! Nola moldatu zinen?

– Jatetxearen jabeari esan nion bi aste pasa behar nituela Santiagon, Unibertsitatean lanean. Astelehenean saiatuko nuela arazoa konpontzen, eta laguntza eskatuko nuela Unibertsitatean. Dirua lortzean, itzuliko nintzela ordaintzera. Jabea nitaz fidatzen zen jada, eta onartu zuen. Baina ondorengoa esan zidan: “Aizu, dirua astelehenean lortuko duzu, baina ordurarte, jan beharko duzu, ezta? Etorri hona bazkaltzera eta afaltzera, eta dirua duzunean ordainduko didazu, hitzezko gizona zara eta!”.

– Kontxo!!! – erantzun nion nik – eskerrak! Bestela gosez amorratzen ibiliko zinen! Desastrea zuk egin, eta gainera ongi atera! Hau da hau!!

– Bai, ikusten duzu. – erantzun zidan lagunak – Batzutan gehiegi kezkatzen gara. Hori bai, sustoa pasa nuen, ederra gainera. Baina azkenean lagunak egin ginen. Eta joan behar nintzenean, oparia egin zidan gainera! Bertako espezia batzuk eta ardo botila parea.

Pentsakor gelditu nintzen ni, irribarrea aurpegian nuelarik. Bai, batzutan gehiegi kezkatzen gara, baina laguna bezain gutxi… Hori bai, jatetxea topatzeko gogoa nuela konturatu nintzen, kafea bukatzen ari nintzela. Zoritxarrez, egun horretan ez genuen aurkitu. Handik egun pare batera bai ordea. Tamalez, jatetxeak ez zuen jabe berdina.

Jon Mattin Matxain

@TxoniMatxain

 

Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du

KZJaia3_logoa

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s