Virginia Imaz: “Pertsona hobea naiz barre egiten dudalako”

virginia-narradora-6538

Badira hiru hamarkada Virginia Imazek (Donostia, 1962) bere buruaz barre egitea ofizio bihurtu duela. Umoreak bizitza aldatu zion, eta orduz geroztik sudur gorria bidelagun izan du. Barrea askatasun ariketa da beretzat, eta guk ere askatasun osoz egin diogu barre-elkarrizketa. 

Noiz konturatu zinen barrea sortarazteko erraztasuna zenuela? 
Egia esan ez, ez datorkit etxetik. Hiru anai-arrebetatik zaharrena nintzen eta amak etxetik kanpo lan egiten zuen, beraz, oso azkar exiliatu ninduten umetako jolas eta barreetatik. Beste emakume askok bezala, serioa eta erantzulea izatea gauza bera zelaren gezurra sinistu nuen, eta ni oso erantzule izateko hezi ninduten. Lehen Clown ikastaroa antzerki ikasketak osatzeko egin nuen eta oso gaizki joan zitzaidan. Barre egiteko baino negar egiteko gogoa ematen nuen. Bertatik umorea niretzat ez zenaren ustearekin joan nintzen, eta gizonezkoen kontua zela sinistuta. Zorionez, beste ikaskideek nola inprobisatzen zuten ikusten asko barre egin nuen, eta barre horrek on handia egin zidanez, antzeko ikastaroetan izena ematen jarraitu nuen. Gehiago nik barre egiteko (asko behar nuen), barre eginaraztea ikastea baino. Eta ikusten duzue: txorakeria lanbide egin nuen azkenean. Hala ere, ni ez naiz graziosa kontsideratzen, komikoa baizik. Pertsona graziosa “graziarekin” jaio dena da, eta egiten duela egiten duela, ondo erortzen dena. Adibidez, txisteak ondo kontatzen ditu. Komikotasuna, berriz, zerbait desberdina da. Bizitzak, antzerkiak bezala, hiru tonu ditu: komikoa, dramatikoa eta tragikoa. Komikoak beste biak desenfokatu egiten ditu. Komikoa naiz jendeak barre egin dezan lortzen dudanean nitaz barre egiten ari naizelako.

Noiz erabaki zenuen pailazo izatea?
1987an. Bost urte nenbilen clown ikastarotik clown ikastarora. Haietako batean, Le Bataclown antzerki talde frantseseko irakasleekin nengoela, nire barnean zerbait esnatu zen. Hantxe ulertu nuen bere osotasunean nire kasuan barre eginarazteko ez nuela graziarik egin behar, nire autogarrantziei buruz egin behar nuela barre baizik. Ordurako, jendeak nirekin barre egiten zuenean, nire oholtza gaineko partenairearekin barre egiten zutela uste nuen. Egun batean, amona zahar bat hurbildu zitzaidan bere bizitzan ikusten zuen lehen emakume pailazoa nintzela esanez, eta bazirela 20 urte gau horretan bezala barre egin ez zuela. Eta Jainkoak niri bizitza luzea ematea eskatu zuen, dohain bat nuelako. Gertaera honek asko hunkitu, eta zerbaitetan “lehena” izateak liluratu ninduen. Une horretan antzerki “garrantzitsuan” bideratuta nengoen, hau da, tragedia existentzialean, eta nire norabidea zeharo aldatu nuen. Garai horretan beste formazio interesgarria egiteko aukera izan nuen, antzerki osasuntsu eta emozio biologikoari buruzkoa, Jose Antonio de Marco antropologo eta terapeutarekin. Berak artistok jendea tragedian ez reprogramatzeko dugun erantzukizunaz hitz egin zigun. Gezur kulturalean. Eta nire epikotasunerako joerak bultzatuta, barre eginaraztea nire bizitzako misioa izan zitekeela erabaki nuen.

Zer nolako garrantzia du barreak zuretzat? Munduko garrantzia handiena bizi-alor guztietan: pertsonala, barnekoa, familiakoa, profesionala. Niri umoreak bizitza aldatu zidan. Oraindik gaur, egunero, salbatu egiten nau. Nire buruaz barre egiteak beldurrak uxatzen laguntzen dit, nire burua onartzen, toleranteagoa eta malguagoa izaten. Pertsona hobea naiz barre egiten dudalako.

Pailazo izatea gauza serioa da? Beste edozein lanbide bezainbat. Ez zait gustatzen barrea eta umorea arinkeriaz tratatzea. Uste dut barrea sakratua izan daitekeela, errebelazioaren bezpera. Baina gizakiaren gauza guztiak bezala, umoreak ere tiro egin dezake. Barrea eta umorea niretzat zoragarriak dira, baina gaur egun “buenrollismoa”ren tiranian erortzeko arriskua dugu, hau da, nahiz eta haserre edo triste egon, badirudi barre egin behar duzula. Kulturaren domestikazioa berriro. Nik horrekin ezin dut. Barreak askatasunaren ariketa izan behar luke. Barre egiten du ahal duenak, dakienak eta nahi duenak. Maite duzun norbait galdu baduzu, ziurrenik ez zara barre egiteko gogoz egongo. Une horretan barre egiteko eskatzea biolentzia oso handia dela uste dut.

Nork edo zerk eginarazten dizu barre? Batez ere nire semeak eta nire senarrak. Oholtzaren gainean eta behean dauden pailazoek. Hiru urte arteko haurrak clown naturalak dira. Nire lanbide berdina duten hainbat profesionalek ere bai. Clown formazio tailerretako nire ikasleek, eta batzuetan, nik neuk ere bai. Orokorrean pena ematen diot nire buruari, baina nire pertsonaietako bat desmuntatzeko eta nire zauriez barre egiteko gai naizenean, orduan inork baino grazia handiagoa ematen naiz.

Zerk galdu arazten dizu umorea? Gauza askok: gaixotasunak, maite ditudan pertsonen heriotzak. Gerrak. Gerra santuak. Soldadu-haurrek. Esklabutzak. Pertsonen trafikoak. Sexu eta emozio-abusuek. Gutxietsitako pertsonek. Torturak. Fundamentalismoak. Goseak. Diskriminazioek. Kolonizazioak. Zigorgabetasunak. Ustelkeriak… eta nahikoa lorik ez egiteak, haginetako edo obarioetako minak, antibiotikoek eta batez ere norberaren eta besteen iritziek.

Eta barregarri noiz geratu zara? Borondatez pailazo bezala oholtzara igotzen naizen aldiro. Eridikulua egiteak barre egiteko objetu bihurtzea esan nahi du eta hori da nire helburua sudur gorria janzten dudanean: barrearen objektu bilakatzea. Kontua da clown bezala zaudenean babestuta zaudela. Izan ere, zure buruaz barre egiten baduzu, publikoari ez zaio beste aukerarik geratzen: zurekin barre egin behar du, ez zutaz. Eguneroko bizitzan, gure buruaz barre egiteko gai ez bagara, batzuetan erridikulua egiten dugu nahi gabe, eta jendeak gutaz barre egiten du. Niri hori gertatzen zait arrazoia dudala tematzen naizenean, ondo egon edo zoriontsu izan beharrean.

Zein miresten duzu bere umoreagatik? Pailazo profesional ugari: Gardi Huttler suitzarra edota Charlot handia. Pertsonalki, Ander semea miresten dut, zoriontsua delako, eta barrearen kutxa zoragarria. Eta nire senarra, Karmelo, ezagutzen dudan pailazo profesional onenetakoa delako, eta batera gauden 26 urte eta gero, oraindik barre eginarazten didalako.

Umorezko zein pelikula/liburu/web gune/ telesail gomendatuko zeniguke? Filmak: “Tiempos modernos”, ” La Strada”, ” La vida de Bryan”, ” El guateque”, ” El jardín de la alegría “… Liburuak: ” La texis de Nancy”, ” Sin noticias deGurp “, “La Feria de los Santos…”Telesailak: ” Hope”, ” The Big-bang Theory”, ” Las chicas de oro “, ” Modern family “, ” El chavo del ocho “, ” Los informáticos “, ” Los simpsons “…

Zein kantak jartzen zaitu umore onez?
” Kalean gora-kalean behera ” , Serraten “Hoy puede ser un gran día” eta Violeta Parraren “Gracias a la vida ” de Violeta Parra.

Nori gustatuko litzaizuke elkarrizketa hau egitea?
Nerea Elustondo bertsolariari.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s