daparkarrikat…edo ez!

Adiskide batek ohorea egin zautan galdeginez ia bere itzulpena gainbegiratzen ahal ote nuen.

Ez zen nolanahiko adiskidea: hasteko handia da. Adiskide handia. Baina ohore handiaz ari naiz. Zeren eta, bera, berez, itzultzailea baita, eta idazlea, eta zizelkaria, eta hiztegi egilea, eta gastronomoa eta… harrigarria bizi bakar batean hainbertze gauza egiten dakien jende ezohiko hori… eta gainera, denak ongi egiten!

Kontua da, Baionako turismo bulegoaren webgunearen ataria euskaratu zuela eta ene gainbegiratze lan hori, hain xuxen ere, horregatik zela, “euskara lekukoa izan dadila“, preseski, bera giputza baita.

Halatan, puskaka igortzen zidan bere lan mardula, zinez ongi itzulia, eta tarteka, iparraldeko olio esentzial danda sorta isurtzen nion. Ondotik, arra igortzen nion, eta hark berriz bertze puska bat… harik eta, lanaren egiteko epea bururatzen zen arte.

Joan-jin parrasta baten ondotik, heldu ginen irteeraren atarira.

Bezperan deitu ninduen, ‘hi, emaion otoi azken errepasoa, gero, atzerabueltarik ez.’

bai gogotik‘.

Leitu eta leitu… eta halako batean, egundaino irakurri gabeko hitz batek begiak kiribil kiribil, bekainak gora-gora eta ahoa zabal-zabalik utzi zizkidan: aparkarrikakua.

No! Hara! Ezagutzen ez nuen hitz bat! Ze ona!’

Hasi nintzen hiztegietan bilatzen eta batere ez. Sarean ere: zero. Ingurukoei gaztigatu: fitsik ez.

Biba bera! Eta paper kantoi batean idatzi nuen, ez ahanzteko galdetzea nondik bildua ote zuen.

Mailez gibelerat igorri nion azken orrazketa horretatik landa. Hainbat ohar eman nizkion, ñabardura ttipiak.

Eta berak enter sakatu baino minutu bat lehenago, iritsi zitzaion tarrapatan ene azken maila, lerro bakarrekoa: ‘hi, ahantzi gabe, zer duk ‘aparkarrikakua’? Nondik atera duk?’

Istantean heldu zitzaidan bere telefono deia:

Aparkarrikakua hik dun moldatu!

Ez duk posible, ez baitiat ideia mikorik ere zer den!

Ba nik are gutxiago! Hik bueltatu didan horrela!nik uste ninan Iparraldeko hitz bat zela ‘parkinga’ errateko!

unnamedHasi ginen orduan ikerketan, zer marmutxa delinkuente klasek sakatu ote zituen ene teklatuaren 14 botoiak: a-p-a-r-k-a-r-r-i-k-a-k-u-a

Nonbait, ene ordenagailuan bizi zen.

Teklatuaren kontrol+F sakatuz, nahi diren hitzak bilatzen ditu ordenagailuak, eta nahi bada, bertze batez ordezka ditzake. Eman dezagun, ‘naia’ idatzi dugula testu osoan, eta ‘nahia’ dugula nahi. Hala, lerroz lerro eta orriz orri bilatzeko partez, Kontrol+F sakatu, eta, bilatu lehenik, eta ordeztu gero, klik bakarrean dena egiten du. Magikoa. Orrazketa lan horretako deskubrimendua izan zen enetzat, zinez baliagarria. Eta adiskideari estimatzekoa.

Misterioa zulatu genuen hondarrean.

‘Kalea’ guztiak kaleratu nituen eta ‘karrikaz’ ordezkatu inolako urrikalmendurik gabe, kalerik ez baita Iparraldean, karrikak baizik. Hala, klik egin, eta oharra: ’25 aldiz ordeztua izan da’. Milesker! Ene genozidioak arrakasta izan du. Arrakasta bai, magiaren arrakastaren ondorio txarrek zuten sortu aparkarrikakua.

Haatik, eta hortxetan sartu zen marmutxa garbizalea: ‘kale’ hitzaz gain, edozein hitzaren baitan ‘kale’ baldin bazen ere, hori ere ordezkatzen zuela. Hala-hala, ‘aparKALEku’-tik ‘aparKARRIKAku’-ra pasa zen!!

Autoa aparkarrikatzera noa!, edo, Kike Amonarrizi kopiatuz: daparkarrikat. Proposamena da…

Kepa Altonagaren Back to Leizarraga saiakera bikainean agertu izanen zen bestela…

Ainize Madariaga

@AinizeM

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s