#Hitzokei, txorizo&lukainka eta Monty Python

Hona hemen urriaren 29an Euskadi Irratiko FAKTORIA saioan egin dudan kolaborazioaren gidoia, irudiak eta loturak. Datorren astean gehiago!

Entzun saioa (4:30 minututik aurrera)

——————————
#Hitzokei?
Zalantzarik gabe, Twiterreko nire traolarik kuttunena da. Bertan hizkuntzarekin jolastuz hitz berriak sortzen dira, eta urteak dago martxan, beti bizi. Adibidez, hona urrian sortu diren batzuk ekarri ditut:

  • BOKAUDILLOA: Franko betetzen zaituen ogitartekoa.
  • WASHINGTON BOST: AEBetako egunkaria, interesatzen ez zaizkigun berriak dakartzana. #hitzokei
  • EZ DOK ARMAIRU: Lesbianen, gay-en, bisexualen eta transexualen eskubideen aldeko euskal mugimendu abangoardista #hitzokei
  • Itxaron Bordan: pazientzia handiko euskal idazle mendizalea. #hitzokei
  • Nana Maskuri: pixagure ugari izaten duen kantari greziarra #hitzokei
  • TOLAREMON: sagardotegi extralurretik etorri den katu trospidoa #hitzokei
  • KALIMOTSOA: Colagorritxoren etsaia. #hitzokei
  • BISTURIALDEA: Gehienbat material kirurgikoa ekoizten duen eskualdea. #hitzokei
  • JACK SPARRU: alorraren bila dabilen pirata #hitzokei
  • ZALAPARTY: festak sortutako burrunba #hitzokei
  • AKERMAN: Supereroirik kabroiena #hitzokei
  • FEMINISTRA: gobernuan dagoen emakume feminista. #hitzokei

HARAGI PROZESATUA MINBIZI ITURRI
indexHaragi prozesatua minbizia eragiten duten gaien zerrendan dago, astelehenaz geroztik. IARC Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak «nahiko ebidentzia» antzeman ditu haragi mota hori jatearen eta kolon eta ondesteko minbizia izatearen arteko lotura egiteko. Halaber, OME Osasunaren Mundu Erakundearen menpeko agentziak jakinarazi du haragi gorria ere «ziur aski» kantzerigenoa dela.

Albiste honek hautsak harrotu ditu toki guztietan: etxean, komunikabideetan, lantokian… eta batez ere harategietan eta Asterix eta Obelixen herrixkan. Sarean ere gaia pil-pilean dago (pil-pila ez da oraindik kantzerigenoa, ezta?) izan ditugu #LukainkaAskatu # #TxistorraGate #TxistorraFacts bezalako traolak.

Pepi eta Joxe ere aztoratuta dabiltza gai honekin. Entzun ditzagun beraien adierazpenak:

MONTY PYTHON PELIKULA BERRIA
absolute 01Film gomendio batekin nator. Izan ere, bihar, urriaren 30ean, Absolutely Anything pelikula estreinatuko da hegoaldeko zinemetan (Iparraldean udan estreinatu zen). Horrela esanda beharbada ez dizue ezer esango, baina Monty Phytonen azken pelikula dela esaten badizuet, orduan bai, ezta? Terry Jones-ek zuzendu du filma eta bertan bizirik dauden Monty Pythoneko kideek parte hartzen dute, extralurtarren ahotsak jarriz.

Zer kontatzen da? Ba extralurtar batzuk mundua suntsitu nahi dute, baina azken aukera bat ematea pentsatzen dute. Horretarako gizon arrunt bat aukeratu eta nahi duen guztia egia bihurtzeko boterea emango diote.

  • Monty Python and the Holy Grail (1975)/ Los caballeros de la mesa cuadrada/ Sacré Graal ! Arturo erregeak eta bere zaldunek misio bat dute: grial santua aurkitzea. Hori lortzeko etsai askoren aurka egin beharko dute: zaldun gaiztoak, piztu izugarriak, frantsez soldadu zakarrak, sorginak, aztiak, Scotland Yard eta untxi haragijale bat ere.
  • Life of Brian/ Brianen bizitza (1979) / La vida de Brian/ La Vie de Brian Brianen bizitza kontatzen du, zeina jesukristoren egun berean jaiotzen den eta berarekin nahasten dute.
  • Monty Python’s The Meaning of Life/ El sentido de la vida/ Le Sens de la vie (1983) Bizitzaren atal desberdinak erakusten dituzte: jaiotzea, hezkuntza, gaixotasunak, heriotza… esketxen bidez.

Zaila izango da film honek aipatu ditugun hauen maila izatea, baina aizu, beti begiratu behar zaio bizitzaren alde disdiratsuari, tarte honetan egiten dugun bezala. (txistu egingo dugu batera Manu eta biok 😉

Manu, noizbait egingo dugu monografiko bat Monty Phytonena, ados?

H28 ALDIZKARIA
Hilabeteak 28 egun betetzen duenean agertzen da H28 aldizkari saetirikoa, beti bezala umorez blai. Eta esango duzue, eta zer pintatzen du La Oreja de Van gogh-en kanta honek albiste honetan? Ba titulua El 28 dela, harrapazak Txiribiton! Azti ibili naiz, ezta?

Hilabete honetako editoriala Arantza Kirogarentzat izan da: Begira han, (txan, txan, txan!) independentismoaren zeru orbangabea ziztu bizian gurutzatzen, ikusten duzu? Bai, bai, han. Zer da? Jose Luis Zumetaren txori bat? AHTaren aurkako bizikleta elektriko martxa bat? SuPePerman? Eeeeeeeeez! Begiratu ongi, ez duzu ikusten? Ezker abertzalearen heroi berria da: Arantza Kiroga! (…)  Bai, bai, egia da, jende askok dauka Spidermanen pijama bat, baina adi, ze Spidermanek Arantza Kirogarena dauka. Bai, bai, jende askok darama Arnaldo Otegiren askatasuna eskatzen duen pina, baina adi, ze Arnaldo Otegik Arantza Kirogarena darama.

sustrai errolan

Horretaz gain, crowfunding kanpaina abiatu dute Durangoko azokan urtekaria paperean ateratzeko. Diru-bilketa karena.eu web gunearen bidez egiten ari dira eta gutxienez 10 euroko laguntza eman dezakegu. Horren truke, aldizkariaren paperezko bertsioa eta h28ko marrazkiekin egindako pin bat eskuratu ahal izango duzu.

IRRIBARREAREN SEGADA ERAKUSKETA
Umorea eta ironia ardatz dituen ‘Irribarrearen Segada’ erakusketa zabaldu du Gasteizko Artium museoak. Museoaren bilduma propioko 150 bat artelanekin osatu dute, eta urtebetez egongo da ikusgai.
Bizitzaren alderik barregarrienak nahiz zentzugabeenak jorratzeko umorea eta ironia erabili izan duten ia 150 bat artelan garaikide elkartu ditu museoak. Margoak, argazkiak eta eskulturak aurkitu daitezke bertan. Ehun artista ingururen piezekin osatu dute erakusketa; horien artean, Euskal Herrikoenak zein nazioartekoak daude.

11042950_1617804361816887_1976176395345425497_nErakusketak bi alderdi nagusi baditu ere —umorea eta ironia— lau multzotan banatzen da. Multzo horietan umorearen eta ironiaren gainerako praktikak islatzen dira, askotariko artelanen bitartez. Barrea eta ahoa dira lehen multzoaren protagonistak. Umorearen adierazpen mota guztiak aurpegiko atal honi zuzenduta daude: hala nola bufoiaren barrea, zoroarena, nahi gabekoa edota asmo gaiztokoa. Maskarak edota mozalak ere badute zer ikusirik artelanen lehen multzoan. Hala islatu dute euren lanetan, besteak beste, Vicente Ameztoik, Jorge Galindok, Carmen Calvok eta Joan Mirok.

Bigarren multzoa, berriz, umore zentzugabeari edota absurdoari eskainita dago. Juan Perez Agirregoikoa eta Wilfredo Prietoren lanetan ikus daiteke, adibidez, arrazionaltasuna alde batera utzi eta arauak ezabatu egiten direla. «Artelan hauetan, paradoxazko egoeratan kokatzen da artista, ikusleak errealitatea zalantzan jartzera eta aukera berriak esploratzera gonbidatuz».

Probokazioa eta gai tabuak lotzen ditu hirugarren multzoak. Bertan, Juan Hidalgo, Erik Beltran eta Alfredo Alvarez Plagaro bezalako artista probokatzaileek tabutzat jotzen diren gaiei aurre egitera behartzen dute bisitaria: besteak beste, sexua, gaixotasuna, heriotza, erlijioa, ideologia eta antzeko gaiak landuta, besteak beste. Ikusle bakoitzak bere bizipenen eta esperientzien araberako interpretazioa egitea da atal horren helburua.

Laugarren multzoa, berriz, artistentzakoa da, edo beste era batera esanda, artistek beren buruaz barre egiteko duten gaitasunari buruzkoa. Besteak beste, Esther Ferrer, Jon Mikel Euba eta Karmelo Bermejok erakutsi dute beren buruaz modu askotara egin dezaketela barre: kultura garaikidearen parodia egiten, artearen sistema osoa kritikoki berrikusiz, satirizatu eta karikaturizatuz, edota arerioaren haserrea piztu eta ustez mugiezinak diren arauak hankaz gora jarriz.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s