#WolframDeuna: zientzia umoretik

Pasa den asteazkenean, Zientzia.eus atariaren atal berria aurkezteko Wolfram Deuna! ekitaldia antolatu zuten Elhuyarrek eta horren aitzakian hainbat zientzialari eta zientzia-zale gonbidatu gintuzten bertan hartzeko. Ekitaldiaren izena eta lekua ez ziren kasualitatea, Bergarako seminarioan isolatu baitzuten Elhuyar anaiek wolframa, euskal zientziak elementu kimikoen taula periodikoari egin dion ekarpena.

9b569040-789c-45b5-907e-42f59d44f264Hala, udaletxeko pleno aretoan izan zen ospakizuna, eta umorez eta zientziaz blaitutako hitzaldi laburrak izan ziren ekitaldiaren ardatza. Ibon Cancio biologoa, Koldo Garcia genetikaria, Ines Garmendia matematikaria, Josu Lezameta euskara irakaslea (a zer nolako ilusioa aurrez aurre ezagutzea!), Josu Lopez-Gazpio kimikaria, Uxune Martinez soziologo eta zientzia-dibulgatzailea, Amaia Portugal kazetariak eta nik parte hartu genuen bertan.

Niretzat egun berezia izan zen, izan ere, aukera eman zidan lehenbiziko aldiz jendearen aurrean monologo bat egiteko. Adrenalinaz lepo (5 minutu bakarrik genituen bakoitzak), izugarri gozatu nuen entzuten eta parte hartzen. Zalantzarik gabe, mugarri bat izan da niretzat. Mila esker aukeragatik!

Hona hemen TEKNOPOLIS saioak eta  GOIENAk egindako kronikak.

Eta hau nire monologia (gutxi gora behera):

“Badira norberaren bizitzan une bereziak, gogoangarriak eta mugarriak izaten direnak. Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiek Wolframioa bereizi zuten eguna, adibidez, zedarria izan zen historiarako.

Norberaren bizitzan ere mugarriak diren gertaerak daude. Eta gaur horietako batzuk azaldu nahi dizkizuet. LEHENENGOA unibertsitatera kazetaritza ikastera joan nintzenekoa da. Hantxe joan nintzen, ilusioz beteta, ezagutza eta ikerketaren tenplura… eta ondo gogoratzen naiz bai, lehen egun hartaz, BIdaitxungo autobusean iritsitakoan. Euria eta haizea ari zuen eta nola esan… Leioako Campusa neguan garai hartan behintzat pixka bat TRIXTEA zela esan genezake, modurik elegantenean. MORDOR ematen zuen!

Ordurarte makina telesail eta pelikula ikusita nuen eta Oxford eta Cambrige bezalako zerbait nuen buruan, baina han ez nuen ez GAMMA eta ez KAPA hermandaderik topatu. KAPA ez baina KAPE bai. KAPETERIKO hermandadea , alegia.

Baina lehen ikasturte hartan BIZKAITARRAK ezagutu nituen. Txundituta, txoratuta, liluratuta utzi ninduen haien berbakerak, nahiz eta, wolframioaren antzera, bakartuta sentitu nintzen hasieran, ezer ez bainuen ulertzen. Esperientzia hark euskararen mugak zabalduarazi zizkidan, eta euskalkiekiko maitasunaren atea ireki. Orduan ez nuen irudikatu ere egiten urte batzuk beranduago bizkaitarrez inguratuta egingo nuela lan.

Izan ere, BESTE MUGARRI GARRANTZITSU BAT UEU ezagutu nuenekoa da, 1996. urtean, karrerako lzugarren mailan. ELHUYAR aldizkariko zuzendaria zen Eustakio Arrojeria herrikideak deitu zidan, uda horretan UEUren prensa-bulegoan lan egiteko. Ordurarte aitortzen dut ez nuela UEUtaz ezer entzun, eta egia esan, jakin-min handiarekin joan nintzen. Eta Larraonara iristean, klaretiarren egoitza iluneko ateaz gain, mundu berri oso bat ere zabaldu zitzaidan begien aurrean. Zergatik? Ba hantxe ezagutu nuelako unibertsitate munduko fauna guztiz koloretsua!

  • INFORMATIKARIAK. Ordurarte uste nuenaren aurka, informatikariak elkarrekin ibiltzen ziren alde batetik bestera taldean, gregarioak ziren! Euskarazko softwarea sustatzea zuten helburu, baina dantzarako software inkorporatua zuten, alajaina!
  • HIZKUNTZALARIAK euskararen sekretuak argitzeko misioak ematen duen izen ona baliatzen zuten. Ergatiboaren zaldunak ziren! Batzuetan, hori bai, GLOTODIDAKTIKOEKIN liskarrak izaten zituzten K marka irakasteko ikuspuntu desberdinak zirela eta. Gero pasilloko billarrean jolasten adiskidetzen ziren.
  • NATUR ZIENTZIETAKOAK berriz, ederrak, osasuntsuak, irrifartsuak eta basoko belardien antzera, frexko-frexkoak eta laginketak egiteko prest beti. Baita Iruñeko alde zaharrean ere.
  • ANTROPOLOGOAK, erritmo geldoagoan, patxadan eta patxaran, taberna ondoan kafe-indusketak egiten zituzten. Gauean, berriz, metamorfoseatu eta Indiana Jones bilakatzen ziren, Galdutako tabernaren bila.
  • Eta KIMIKARIAK… ai kimikariak! Hauentzat ez zegoen ordutegirik, ez egitaraurik. Beraien alkimia propioa sortzen zuten, eta bereziki FISIKARIEKIN aleazioak egiteko zaleak ziren!

Hauek eta beste asko ezagutu nituen urte hartan Iruñean. Zientzia eta ezagutzaren gizatasuna ezagutu nuen bertan. Pertsonak alegia. Eta aizue, haietako gehienak bizkaitarrak ziren, gainera!!! Ordutik nire bizitza ezagutzaren mundu honekin lotuta geratu da, baina, Wolframioa ez bezala, bakartuta barik, beraien artean (zuen artean) moldakortuta nagoela aitortu behar dut. Gora zientzia eta zientzialariak!

Idoia Torregarai

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s