Idoia Torregarai Martija: Umorea tresna iraultzailetzat jotzen dut

Aizu! aldizkariak Arin Arin elkarrizketa egin dit azken zenbakian. Eskerrik asko! (Bai, argazkia siesta egin ondoren atera nuen… 😉


::.: ion markel argazkiakKazetaria eta komunikazioan aditua, UEU Udako Euskal Unibertsitateko komunikazio arduraduna da, 2000. urtetik, Torregarai (Usurbil, 1974). Umorea bere izaeraren eta bizitzaren zati garrantzitsua izanik, umore kontuetan aditua eta aritua da: umoreari buruzko prestakuntza eskaintzen du, alor askotatik landuta; besteak beste, genero ikuspuntutik. Gainera, Barretartia umoreari buruzko eta umorezko bloga elikatzen du, 2012an sortu zuenetik. Gai beraren bueltan, Euskadi Irratiko Faktoria saioan ere kolaborazioak egiten ditu. Usurbilgo Noaua! euskara eta kultur elkarteko lehendakaria ere bada.

45 urte ditu UEUk. Heldu osasuntsua?
Bai, zalantzarik gabe. Jakintza eta proiektu berriak lantzen ari gara etengabe, elkarlanean oinarrituta. Elkartea bizi-bizirik dago, eta ilusio handia biltzen du.

Umore kontuetan, nola eta zertan hezi ahal da?
Umoreari behar duen garrantzia emanez, egunerokotasunean kontzienteki erabiliz eta eredu izanez, adibidez. Umoreak iritzi kritikoa izaten lagun dezake, desberdintasun eta zapalkuntza egoerei aurre egiteko erabil daiteke, bai eta bizitzari zuku gehiago ateratzeko ere.

Euskaraz, egiten al da nahikoa barre?
Ez euskaraz, ezta ziurrenik gainerako hizkuntzetan ere. Barrea fundamenturik gabeko kontuekin lotzen da oraindik, alegia, arinkeriarekin, profesionaltasun ezarekin… Kontuan izan behar dugu kultura judu-kristauak barrea ez duela oso ondo ikusi, eta kultura horretatik edan dugula. Baina umorea gero eta gehiago lantzen ari da, eta horrek ere laguntzen digu gehiago barre egiten… euskaraz ere bai.

Barrearen onurak hainbeste al dira?
Bai. Azken 30 urte hauetan, gero eta gehiago ugaritu dira barrearekin eta umorearekin lotutako ikerketak, eta guztiek bat egiten dute barrearen onura fisiko eta psikologikoak zerrendatzean: arterietako presioa txikiagotzen du, sistema immunologikoa hobetzen, estresari aurre egiteko baliabide oso eraginkorra da… pentsa, azala ere gaztetu egiten du!

Zentsuraren eta jazarpenaren jomuga izaten da. Beharrezkoa den seinale?
Umorea jomugan jartzen dute statu quo-a edo boterea kritikatzeko erabiltzen denean, batez ere; ez hainbeste, ordea, statu quo-ari eusteko egiten denean. Nire ustez, umorea beharrezkoa da gauzak ezbaian jartzeko balio duenean, zapalkuntza egoerak agerian uzten dituenean, irakatsi/ikasteko baliagarria denean, sormena erabiltzera bultzatzen gaituenean, eta, batez ere, gozarazten digunean.

Umoreak aske egiten gaituela leitu izan dizut. Zapaltzailea ere bada, maiz.
Bai, noski, baina nik neuk hori esaten dut umorea tresna iraultzailetzat jotzen dudalako. Egoera injustuak mahai gainean jarri, eta haiek aldatzeko egiten denaz ari naiz.

Genero ikuspegitik lantzen duzu umorea. Horretan ere, emakumea oraindik gutxiengo eta gutxitu?
Bai, oraindik bai. Duela gutxira arte, esparru publikoa gizonezkoena baino ez da izan, eta oraindik ere bada, hein handi batean. Horretaz gain, umoreak asko du arauen hausturatik, eta kaiola hori kulturalki askoz ere estuagoa izan da emakumeentzat. Alabaina,  hortxe ere ari gara bidea egiten.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Familiarekin gosaltzeak.
Eta tristatu? Erantzun txarrek.
Zerk eragiten dizu barrea? Twitterreko GIFek.
Eta negarra? Aita ez egoteak.
Zerk haserrearazten zaitu? Axolagabekeriak.
Eta nork ateratzen zaitu zeure onetik? Keinukaria kentzea ahazten dutenek.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Albaitaria.
Eta orain zer ez duzu izan nahi? Albaitaria.
Bizio bat: Liburuak.
Umoregile bat: Zaldieroa.
Barrea idazteko, kar-kar, jaja edo emotikonoak? XD  : )  :_)
Eñaut Mitxelena

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s