Ezagutu berri duzun pertsona horrekin hitz egiteko gai zerrenda praktikoa

Hona hemen irailaren 6an Euskadi Irratiko FAKTORIA saioan egin dudan kolaborazioaren gidoia, irudiak eta loturak.

Entzun saioa

——

Gaur guztioi gertatzen zaigun egoera bat ekarri nahi dut uhinetara. Udara sasoi aproposa izaten da jende berria ezagutzeko. Baina irudikatu dezagunzure adiskideak norbait aurkezten dizula. Orain arte dena oso ondo. Baina zer gertatzen da aurkeztu eta segituan zure laguna desagertzen denean eta bat-batean ezagutu berri duzun pertsona horrekin bakarrik geratzen zarenean?

Ba lasai egon, hain zuzen ere egoera deseroso hori gainditzeko irtenbidea daukat eta. Hona hemen «ezagutu berri duzun pertsona horrekin hitz egiteko gaien zerrenda praktikoa!».

eguraldiaEGURALDIA. Zalantzarik ez dago hauxe dela noizbait erabaili izan dugun gai komodina. “Eguraldi polita gaurkoa”, “Bai, bihar okertzera egin behar omen du”, “Udara ere ez digu oso ona egin”, “Ea nola datorren udazkena. Ziur urrian hego haizea izango dugula“,… Ez naiz harritzen ETBn eguraldiak horrelako tarte luzea edukitzea, formazioa eskaintzen digu edozein unetan Euskalmetek baino datu gehiago eman eta horrela bizilagunarekin batera igogailuko bidaia eramangarriagoa egiteko!

 

 

autoaTXIKITAKO PASADIZOAK. Interesa pizteko oso baliagarria izaten da eta jendea erraz animatu daiteke. Adibidez, «txikitan oporretara 600 batean nola joaten ginen Saloura aipatzea, gurasoak, 3 anai-arreba amona ere bai. Aulkitxotik gabe eta hankapean jarrita». Edo, “gure ama zein trebea zen haserretzen zenean etxeko zapatillarekin 10 metrotara bizkarrean ematen».

 

txakurra eta katuaMASKOTEN ISTORIOAK. Ia guztiok noizbait maskotaren bat izan dugu (dortoka txiki haiek edota garai batean modan jarri ziren kolorezko txitak bezala), eta horrela ez bada, animalien munduak beti interesa piztu dezake (alergia ematen diela esateko bada ere). Oso erraza da elkarrizketa hastea: “Katuak edo txakurrak nahiago dituzu?” Horrekin dagoeneko betetzen dituzu 10 minutu.

 

oporrakBIDAIAK. Hau zalantzarik gabe elkarrizketa sortzeko gairik errazenetako bat da. “Non egon zara, nora joan nahiko zenuke, halako kultura zein aberatsa den, halako hartan zenbat jende zegoen”… Bidaiatzeko moduak (camping-zalea, hondartzazalea, hiritarra, abenturazalea,… Gai agorrezina izan daiteke.

 
haurraALABAK ETA SEMEAK. Gai honek ere joko asko eman dezake, baina horretarako biak guraso izatea komeni da, bestela (ia ziur) astun bezala kontsideratua izango zara. Ez dago gauza okerragorik besteen umeen gorabeherak entzun eta mugikorreko ehunka argazki ikustea baino (hemen gure Martzelinotxo hondartzan, hemen Martzelinotxo uretan,… eta bestea pentsatzen: hemen Martzelinotxo marrazo baten ahoan!). Gutxienez ama edo aita bazara kontraeraso dezakezu zure anekdota aspergarriekin, baina umerik ez duenari ez egin hori, otoi.

 

korrikaKIROLA. Aukera handia dago aldamenean duzun pertsona horrek korrikazalea izateko, izan ere, badirudi gaur egun denek egiten dutela footing, jogging, running edo antxintxiketing. Hortik hasi gaitezke. Adibidez, nire kasuan, nola gorroto dudan korrika egitea 😉 Beste abiapuntu bat nola ez!, futbola izan daiteke. Nik ez dakit apenas ezer kirolaz eta futbolaz are gutxiago, baina oso baliagarria egin zait behin baino gehiagotan Agirretxeren herri berdinekoa naizela esatea.

 

idaztenLANA. «Zertan egiten duzu lan?» izaten da helduleku aproposa izotza hausteko. Niri galdetzen didatenean hauxe izan ohi da gutxi gora behera elkarrizketen %90:

-“Eta non egiten duzu lan?”

– “UEUn, Udako Euskal Unibertsitateko komunikazio-arduraduna naiz”.

– “A, UPVn lan egiten duzu lan? Ze ondo, ezta?”

– “Ez, ez, UEUn, ez da berdina”.

batean- “Ez?”

– “Ez, kultur elkarte bat gara baina unibertsitate-esparrua euskalduntzeko lan egiten dugu”…

– “Baina Miramarren egiten dituzue udako ikastaroak, ezta?”

– “Ez, guk Baiona, Eibar eta Iruñean antolatzen ditugu, denak euskaraz”…

-” Joe, ba bakarrik udaran lan eginda ke txollo, ezta?”

-” Ez, urtean zehar ere gauza pila bat antolatzen ditugu, baina izena zaharkituta geratu zaigu, baina ezin da horrela aldatu”…

– “Orduan kazetaria zara?”

– “Bai baina ez. Komunikazio-arduraduna naiz, elkartearen irudia, protokoloa, publizitatea, barne-komunikazioa, elkarrizketak eta abar egiten ditut”.

– “Hori ba, kazetaria!”

Eta horrela beti, sorgin gurpila.

 

katuaLIBURUAK, FILMAK, TELESAILA, KONTZERTUAK eta orokorrean, KULTURA JARDUERAK. Unean uneko estreinaldiak bide aberatsa dira elkarrizketa bat hasteko. Nire kasuan, une honetan esango nioke Itxaro Bordaren Amaia Ezpeldoi detektibe ruralaren hirugarren liburua ari naizela irakurtzen, zubereraz idatzita dagoela, zein idazkera ederra den eta era berean askotan nola ez ditudan hitz batzuk ulertzen… Edo esango nioke The Handmaid’s Tale (Neskamearen ipuina) ikusten ari naizela, Netflix-eko telesaila, oso ona, izua eragiten duena. Noski, ezezagun bati ez diozu aitortuko horrela bat-patean Acuarios XXL telebista programa ikusten duzula, edota alabarekin batera Guinness errekorren liburura engantxatuta zaudetela. Hor ere kultureta itxura eman behar da, prefosta!

 

telefonoa1TEKNOLOGIA. Ez litzateke harritzekoa ezagutu berri duzun pertsona horren ondoan zer esan ez dakizun bitartean gure mugikorrak txistuka aritzea. Une horixe izan daiteke aproposa “ederki bizi ginen lehen horrelakorik gabe, ezta?’” bezalako esaldiak botatzeko. Eta gaur egungo haurrek ez dakitela jolasten esanez jarraituko genuke, engantxatuta daudela, eta gure garaian ez zegoela horrelakorik eta ederki asko ordu batean geratzen ginela kalean jolasteko, hainbeste selfie eta txorakeriarik gabe. Baina ez dugu aitortuko mugikorra etxean uzten baldin badugu izerdi hotzak harrapatzen gaituela.

 

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s