70 eta 80. hamarkadan umeak ginenak

Hona hemen irailaren 13an Euskadi Irratiko FAKTORIA saioan egin dudan kolaborazioaren gidoia, irudiak eta loturak.

——

Zenbat aldatu diren gauzak txikia nintzenetik. Atzo seme-alabekin Donostiara joan behar izan nuen eta autoan sartzean ditxosozko aulkitxoak lotzen ordu laurden bat eman nuen, berriro. Une horretan gogoratu nintzen txikiak ginenean ez genituela horrelakoak erabiltzen. Izan ere, 70-80ko hamarkadetan haurrak izan ginenok hainbat gauza egiten genituen, gaur egun pentsaezinak diruditenak. Adibidez:

ESBazarra_blog_manual_organizarelmaleterodelcoche

AUTOKO AULKITXOA. Gaur egun legez kanpokoa da haurrak autoan segurtasun aulkirik gabe eramatea. Zalantzarik gabe, bizitzak salbatzen dituzte, baina gure garaian nola joaten ginen autoetan? Oporretara 600 txiki hartan aita-amak, hiru senideak eta aitona-amonak ere sartzen ginen eta! Atzeko aldean bost edo sei sartzen ginen, eta bateren bat lurrean etzanda. Ni ia ziur nago segurtasun kontuez gain, monobolumen lobbiak ere baduela zeresana gai honetan. Hainbeste toki behar da aulkitxo horientzat, azkenean auto handi bat erosi behar duzula!

 

eraikuntza_61

Usurbilgo txirrista

JOLAS ARRISKUTSUAK. Haurrak ginenean Usurbilen bazen inguruko (ez dakit Euskal Herrikoa ere esan ote daitekeen) txirristarik altuena. Ez dakit zenbat metro izango zituen, 5 edo? Eta ez pentsa behealdean gaur egun jartzen den lur bigun hori zegoenik, oraindik Jose Luis Zumetak diseinatutako harrizko parkearen erdian zegoen. Nik uste dut gure belaunaldiko inor ez zela gorputzeko atal bat hautsi gabe geratu! Baina aizu! Hantxe pasa genituen gure haurtzaroko unerik onenak, eta inguruan gurasorik ez genuela gainera! Denborak aurrera egin zuen eta pixkanaka segurtasun legeak gain hartu zion jolasari: eta azkenean, kendu egin zuten. Utziko al nieke nire seme alabei gaur egun bertatik jaisten? Ez dakit ba…

 

umea

TABAKOA ETA ALKOHOLA EROSI. Aita erretzailea zen aldi hartan eta tabakoa erostera bidaltzen gintuen estankora lasai asko, eta berdin ardo botila bat ekarri behar bazen ere. Eta ez hori bakarrik, gogoratzen dut bazkaritan aitak urardoa edaten zuela eta bere edalontzitik zurrutada batzuk ematen uzten gintuela!

 

simpsonsANAI ARREBAK ZAINDU
Zaharragoek (8 urte eduki zitzakeen), anai-arreba gazteagoak (oso gazteak) zaintzeko ardura izaten zuten. Gaur egun hori gutxitan ikusten da, adin txikietan behintzat. Horretarako zaintzaileak kontratatzen ditugu. Eta tarte txikietarako baldin bada (dendara joan behar duzulako unetxo batean), etxerako bidean errezatzen joaten zara semea labean sartuta bukatu ez dezan, edota komuna urez beteta.

 

edatenURA EDOZEIN TOKITATIK EDAN. Egarria baldin bazenuen edan egiten zenuen, eta kitto. Berdin zen nondik. Gertuen zegoen mangera, kaleko iturri edo dena delakoa. Eskerrak gure inguruko uraren kalitatea ona den, bestela etxeko iturritik ere ez genieke utziko eta.

 

 

goitik beheraKALERA BAKARRIK ATERA. Gure garaian (amonatxo bat ematen dut 😉 ikastolatik atera, etxera joan, liburuak utzi eta ogitartekoa hartuta kalera joaten ginen arratsalde pasa. Berdin asteburuetan, kalera atera eta lagunekin biltzen ginen, solte. Egia da nire kasuan Usurbil herri txiki xamarra dela eta ia denak ezagutzen ginela, baina orokorrean garaian bakarrik ibiltzen ginen, libre. Gaur egun hori (nahiz eta oraindik Usurbilen hein batean egin daitekeen) ia ez da egiten. Bestetik, musika eta ingelesa klaseren batean apuntatzen ginen batzuk, baina gehienak jolastea genuen eginbehar nagusia. Gaur egun nahikoa lan izaten dugu gure gazteen eskolaz kanpoko agenda antolatzen eta horietara guztietara garaiz iritsi daitezen laguntzen!

 

telefonoaTELEFONOA. Gaur egun ia ezinezkoa da gazteak (eta helduok zer esanik ez) eskuko telefonorik gabe ikustea, eta haur txikiagoek gurasoenak erabiltzen dituzte lagunekin wasapetik hitz egiteko. Lehen etxean telefono finkoa bakarrik zegoen eta ez genuen erabiltzen oso egoera berezia ez baldin bazen. Ez genuen geratzeko beharrik. Kalera ateratzen ginen eta zegoenarekin jolasten genuen. Eta zer esan gaztetxoak ginenean eta gustuko zenuen hari deitu behar zenionean eta bere aitak edo amak hartzen zuenean telefonoa! “Zein da?” Eta zu, ahots mehe-mehe batekin eta aurpegia heldutako marrubia baino gorriago: “eee…, Idoia naiz. Hor dago Mikel?” Eta aitak: “ZE IDOIA???”

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s